Mendia, abentura, muturreko kirola eta natura zinemarekin uztartuko ditu, beste behin, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiak, abenduaren 9tik 18ra bitartean. Zinemaren nazioarteko epizentroa bilakatuko da Bilbo, eta 14 herrialdetako 59 film pantailaratuko dituzte. Tartean, Euskal Herrian ekoiztutako edota zuzendari euskaldunak dituzten 10 lan erakutsiko dituzte.

Mendi Film 2022-zinea

Mendia protagonista duten zein bestelako istorioak kontatzeko aitzakia eta testuingurutzat erabiltzen duten nazioarteko proiektu bikainenak biltzen ditu Bilbok urtero abenduko lehen hamabostaldian, eta haien egile zein bultzatzaileentzat topagune ezin aproposagoa bilakatu da Bizkaiko hiriburua, emanaldiez gain, hitzaldiak, eztabaidak eta orotariko ekitaldiak antolatzen baitituzte.

Abenduaren 9tik 18ra ospatuko dute aurtengo edizioa, hamabosgarrena, eta ohi bezala, mendiarekin erlazionatuta dauden gaiak jorratzen dituzten filmak erakutsiko dituzte. 190 film aurkeztu dira deialdira, eta orotara, 14 herrialdetatik ekarritako 59 lan hautatu dituzte Sail Ofizialean, Zabalandi Sailean eta Mendi Film Bizkaia Ternua Bekaren baitan lehiatzeko.

Euskal Herrian ekoiztutako edota zuzendari euskaldunak dituzten 10 film daude tartean, eta guztiak ikusi eta epaitzeaz Lisa Stolze (marketing aditua eta Red Bull Media House ekoiztetxeko kide izandakoa), Laura Zumiani (Trento Film Festivaleko programatzailea eta Italiako zinema jaialdien elkargoko zuzendaritzako kidea), Iratxe Fresneda (zinemagilea, gidoilaria eta EHUko irakaslea), Josué Vergara (musikari eta soinu banden konposatzailea) eta Albert Pascual (zinemagilea eta argazki zuzendaria) arduratuko dira. 25.000 euro banatuko dituzte saritan.

Emanaldiak Bilboko BBK Aretoan, Euskalduna Jauregian eta Azkuna Zentroko Golem zinemetan egingo dituzte. Pandemiak baldintzatutako aurreko bi urteetan ez bezala, edukiera mugarik gabeko jaialdia izango da. Xehetasunak azaroan argituko dituztela aurreratu dute antolatzaileek.

Ezagutu 15. BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinema jaialdian lehiatuko diren lan guztiak, jarraian.

WOP Mendi Film 2022 Saria

WOP-The Walk On Project fundazioak eta Mendi Film Festival Elkarteak Eduardo Martínez de Pisón geografo, idazle eta alpinista omenduko dute jaialdiaren 15. edizioan. Mendizaletasunaren baloreen ikus izatea eta haiek babesteko egindako lanagatik jasoko du aitortza: “Bere benetakotasun, konpromiso, pasio eta gure paisaien babesagatik, eta balio horiek iradokitzen dituen transmisio-lan nekaezinagatik, hunkitu egiten gaitu, eta harro egoteko modukoa da guretzat, Eduardo Martínez de Pisón-i WOP Fundazioa Saria ematea alpinismoaren gizarte-balioak defendatu eta transmititu izanaren aitortzan”.