Sitgesko Fantasia eta Beldurrezko Zinemaldian lehiatu berri da zinemagile gasteiztarraren bigarren film luzea, sail ofizialean, eta bi sari irabazi ditu: Ikus-entzuleen Saria, batetik; VFX onenen Saria (ex aequo), bestetik.

Irati filma kartela-zinea

Euskal Herriko mitologiaren parte diren pertsonaia eta izakiak, ezpata-borrokak eta Euskal Herriko paisaia ezagunak. VIII. mendeko garai historiko ilunean girotua dago filma, eta  Joxean Muñoz eta Juan Luis Landaren El ciclo de Irati komiki ezaguna du oinarri, ikuspegi “ilun eta epiko batera eramanda”.

2021eko azaroan bukatu zituzten filmaketa-lanak Araba, Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa eta Huescako hainbat lekutan, besteak beste, kokaleku enblematiko historikoetan, hala nola Loarreko gazteluan eta Arrikrutz, Leize eta Pozalaguako kobazuloetan. Postprodukzio prozesu luze baten ostean, urriaren 6tik 16ra ospatu den Sitgesko Fantasia eta Beldurrezko Zinemaldiaren Sail Ofizialean aurkeztuko dute lana, eta ez da esku hutsik itzuli. Filma pantailaratzearekin batera denen ahotan izan da Irati, laudorioak izan dira nagusi bertaratutako zinemazaleen artean zein sare sozialetan. Faborito zen, eta sorpresarik ez da izan: Publikoaren Saria irabazi du, baina baita efektu berezi onenen saria ere. Alive VFX taldearen ardura izan da, David Herasen gidaritzapean.

Ikusmina handia da, eta Hego Euskal Herrian 2023ko otsailaren 24an estreinatuko bada ere, itxaronaldia uste baino laburragoa izango da. Izan ere,  Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren 33. Astea zabalduko du Irati-k urriaren 28an. Filmaren arduradunek, gainera, kartel berria eta trailerra denon eskura jarri dute dagoeneko.

Filmaren nondik norakoak

VIII. mendea. Kristautasuna hedatzen ari da Europan, eta sinesmen paganoak desagertzen. Frankoen erasoaldiaren ondoren, Karlomagnoren armada Pirinioak zeharkatzera doala, ibarreko jaunak laguntza eskatuko dio antzinako jainkosa bati. Bizitza ematea suposatuko dion odolezko itun baten bitartez, etsaia garaitzea lortuko, baina lehenago, Eneko semeari hitz emanarizko dio bere herria babestu eta gidatuko duela aro berrian.

Urte batzuk beranduago, helburu zehatz batekin egingo dio aurre Enekok promesa hari: aitaren gorpua berreskuratu beharko du, Karlomagnoren altxorrarekin batera modu paganoan lurperatuta dagoena. Kristau fedekoa izanik, Enekok ibarreko pagano baten laguntza beharko du, Irati deituriko emakume enigmatiko bat.  Bi gazteak oihan bitxi eta ilun batean murgilduko dira: bertan, diotenez, “izena duen guztia bada”.

Euskaraz errodatuta, Eneko Sagardoy eta Edurne Azkarate jarriko dira bikote protagonistaren azaletan, eta Iñigo Aranbarrik, Elena Urizek, Iñaki Beraetxek, Ramon Agirrek, Kepa Errastik eta Itziar Ituñok osatuko dute aktore-zerrenda.

Ikusgarri Films, Bainet eta Kilima Media ekoiztetxeek babestu dute proiektua, eta izen ezagunak ageri dira ere talde-teknikoa osatzen duten profesionalen artean: Gorka Lazkano –Errementari filmean ere aritutakoa- da ekoizpenaren euskara arduraduna; Gorka Gomezek jardun du argazki-zuzendari lanetan; eta Akelarre (2020) filmerako sortutako doinu bikainei esker Goya saria irabazi zuten Arantzazu Calleja eta Maite Arroitajauregik idatzi dute musika.

RTVE eta EiTBren partaidetza du ekoizpenak, eta  Filmax enpresa arduratuko da banaketaz zein nazioarteko salmentez.