8. Foro Ventana CineMad programan, film luzerako proiektu onena izendatu dute zinemagile bilbotarrak esku artean duena. Alberto Contador txirrindulari espainiarraren doping kasuan oinarritutako kontakizuna da.

50 picogramos-David-Perez-Sañudo-zinea

Ane (2020) filmarekin izandako arrakastaren ostean, eta pandemia garaian Zineuskadiren babespeko ITXITIK deialdian sortutako Vatios (2021) film laburrarekin estuki lotuta, 50 picogramos lana garatzen ari da David Perez Sañudo, Alberto Contador txirrindulari espainiarraren doping kasuan oinarritutakoa. Espainiako Zinema Akademiako Egonaldietan parte hartzeko hautatu zuten iaz, eta badirudi martxa onean doala.

AMA Audiovisual elkarteak, Filmadrid jaialdiarekin batera eta Madrilgo Autonomia Erkidegoaren eta ICAAren babespean antolatutako 8. Foro Ventana CineMad programan hautatu dute Sañudoren proiektua, beste 15 proposamenekin batera, eta saridun izan dela ezagutu dugu. Fikziozko film luze onenarenen saria jaso du, Felipe Vega, Clara Nieto eta Martín Cuestak hala erabakita. Lortutako 15.000 euroei beste 1.000 gehituko dizkiote, gainera, proiektuaren nazioarteratzea errazteko helburuz.

50 picogramos-ek Amania Films ekoiztetxe arabarra du atzetik, baita La Claqueta PC espainiarra eta La Fidele ekoiztetxe frantsesa ere. Contador txirrindulariaren kasuan oinarrituta, genero nahasketa argia aurkeztuko du film luzeak: epaiketa filma, biopic faltsua, kirol drama… Arrakastari, errelatoaren eraikuntzari eta egiaren izaerari buruzko gogoeta izan nahi du, hiru Frantziako Tour irabazi berritan dopatu izana leporatuko dioten kirolari baten gorakada eta lurreratzea kontatuz.