Donostiako Film Laburren Festibaleko lan onena izendatu du epaimahaiak Ian Barlingek zuzendutako obra. Bestalde, Euskal film labur onenari emandako Etxean Shortuak Saria Lander Castroren Carnívoro lanak jaso du.
Kristonkino ikus-entzunezko fikziozko kolektiboak antolatuta, urriaren 4tik 8ra bitartean ospatu dute Donosskino Donostiako Film Laburren Festibala. Aurtengo omendu berezia izan den Wes Andersonen The Darjeeling Limited (2007) filmaren proiekzioarekin ekin zioten iragan asteartean seigarren edizioari, eta astebetez, formatu laburreko lanez gozatzeko aukera izan dute bizilagunek. Euskal Herriko, espainiar lurraldeko eta nazioarteko 21 ekoizpen pantailaratu dituzte bost egunotan, eta ekimenaren bultzatzaileak pozik azaldu dira ikus-entzuleen harrerarekin, “urtez urte etorritako jende kopurua gora” doala nabarmenduz.
ShortZinema saileko lanak baloratzeaz Eva Rivera (Dock of the Bay jaialdiko zuzendaria), Asier Urbieta zinemagilea eta Raul Lopez muntatzailea arduratu dira, eta Ian Barlingek zuzendutako Safe izendatu dute film labur onena, “arazo etiko bat eta zaintzaren eta konpromisoaren mugak argi planteatzeagatik. Ikaratu egiten gaituelako eta ohiz kanpoko istorio bat planoz plano kontatzen duelako”.
Euskal film labur onenaren saria, bestalde, Lander Castrok sortutako Carnívoro-k hartu du, “eszenaratze soil eta dotorearekin ariketa narratibo eta tekniko konplexua garatzeagatik; gatazka original bat interpretazio sendo batzuekin planteatzeagatik”. Halaber, ikus-entzuleek Aitor de Kintanak zuzendutako Parlez-vous? film laburra izan dute gustukoena, hala baieztatu baitzuten Antzoki Zaharreko barre algarek.
Gidoi onenaren errekonozimenduaren hartzaile David Michod eta Nash Edgerton izan dira, Shark filmak aurkezten duen “kontzeptu deigarri eta freskoagatik, pertsonaia erakargarri batzuei lotutakoak”. Interpretazio onenaren aitortza, Antonija Belazelkoska aktore mazedoniarrari egin dio epaimahaiak, Noth Pole lanean “bizi-etapa batetik bestera modu paregabean aldatzeko une zail eta eder hori irudikatzeagatik”.
K Sariak
Sergio Arrospide aktorea izan da ekitaldiko itxiera-galaren gidaria, eta, sari ofizialak aurkezteaz gain, K Sariei ere eman die paso. Zinekluben eta tokiko zinema jaialdien lana zabaltzea eta elkarlana sustatzea helburu ekimenak, Donostiako kresala Zineklubak bultzatuta. Oraingoan, Hanburgoko zineklubeko Claudia Aden eta Kresala zine-klubeko Ander Gisasola izan dira Pol Digglerrek zuzendutako Work it class! proposamenari saria ematearen arduradunak. Ohiko narratibak gainditzen dituela erabaki dute Digglerren lana aitortzea, “modu erakargarrian mezu sakonak plazaratzen dizkigulako, zineklubek egin bezala, ikuslea subjektu aktibo bilakatuz”.