Euskal zinemaren egoera bikainaren erakusleiho izan da beste urte batez Abycine – Albaceteko Zinema Independentearen Jaialdia. Irailaren 29tik urriaren 7ra bitartean gauzatu da, gure lurraldeko ikus-entzunezko proiektu askoren parte-hartzearekin, eta horiek ez dira esku-hutsik itzuli.

ABYCINE 2022 palmaresa-zinea

Film laburren atalean, bat ez, bi, izan dira sari nagusia irabazi duten euskal proiektuak, ex aequo: Cuerdas (Estibaliz Urresola) eta Loop (Pablo Polledi). KIMUAK 2022 katalogoan hautatu dute eta Cannesko 61. Semaine de la Critique saileko Urrezko Erraila (Le Rails d’or) irabaztetik dator Urresolaren bosgarren film laburra. 70. Donostia Zinemaldiko Zabaltegi – Tabakalera sailean ere parte hartu du, eta aurki, Bartzelonako L’Alternativa jaialdiaren 29. edizioan erakutsiko dute. Bestetik, Uniko Films ekoiztetxe bizkaitarrak bultzatutako proiektua da Loop, animaziozko laburra. Malagako zinemaldian film onenaren Zilarrezko Bizanaga eta Publikoaren saria jasotzeaz gain, Nantesko Festival du Cinéma Espagnol jaialdian ere animaziozko obra onena aukeratu zuten; Premios Fugaz Cortoespaña sariketan nagusitu zen; eta, berriki, Bulgariako In The Palace ISFFn garaile izan ostean, Hollywoodeko Akademiaren sarietarako Short List delakoan sartuko dela aurreratu du Zineuskadi Elkarteak.

Albaceteko Kazetarien Elkarteak, bere aldetik, Suro, Mikel Gurrearen lehen film luzea aitortu du. Abycine Indie sailean lehiatu da, gainerako lehiakideengandik nabarmenduz. 70. Donostia Zinemaldian FIPRESCI saria, Euskal Zinemaren Irizar saria eta Euskal Gidoigileen Elkartea saria irabaztetik dator.

Bestelako zinema baten aldarri

Mantxako lurraldean erreferente bilakatu asmoz jaiotako jaialdia da ABYCINE, ikus-entzunezko proposamen ausart eta dinamikoa, eta zinemak gaur egun dituen joera berriei buruzko hausnarketarako gune bat. Horrela, bada, teknologia digital berriak ekoizpen independente nazionalean eta, panoramikagatik, nazioartekoan sartzea du lehentasunezko helburua. ABYCINE, gainera, kultura garaikidearen barneko gazte gune baten aldeko aldarrikapena da, zinema espainiarreko profesional gazteen topagune bat.

Hala, jaialdia mugako proposamenen korrontean kokatzen dute bere arduradunek, eta ikus-entzunezko sorkuntzaren alorreko formatu desberdinak (film luzeak, film laburrak, bideo-erreazioa, iragarkiak, etab.) biltzen dira bertan, kasu batzuetan beste diziplina artistiko batzuekin nahastuta; hala nola musika, arte garaikidea, literatura edo arkitektura.