Santurtziko Zinema Jaialdiak antzezle zumaiarra aitortzea erabaki du. Urriaren 22an egingo diote omenaldia, 10. edizioko itxiera-ekitaldian.
Saregabe taldeak antolatutako Santurtziko Zinema Jaialdia urteurren borobila ospatzekotan da aurten. Hamar urte beteko ditu urrian, eta festibalaren historiari hainbat keinu eginez, hilaren 6tik 22ra bitartean zinema izango da hirian mintzagai. Urtero legez, gainera, euskal zinema industriako profesional bat omenduko duen Serantes saria eskainiz. 2022ko omendua Elena Irureta antzezle zumaiarra izango da, eta “euskal aktoreen hainbat belaunalditarako erreferente” izanagatik jasoko du aitortza.
Urriaren 22an, 10. Santurtzine jaialdiaren amaiera ekitaldian, igoko da Irureta Santurtziko Serantes Kultur Aretoko (SKA) taula gainera. Saioa 20:30ean hasiko da, eta bertaratu nahi dutenek leihatilan lor ditzakete gonbidapenak, doan.
35 urteko ibilbide oparoa
20 urte besterik ez zituela Jose Maria Zabalaren Axut (1972) film esperimentalean debutatu zuenetik, Juanma Bajo Ulloa, Julio Medem, Iciar Bollain, Daniel Calparsoro, Telmo Esnal eta Asier Altuna zinemagileekin lan egin du Iruretak. Ostean, Madrilera jo zuen aukera bila.
Fuego Eterno (José Ángel Rebolledo, 1985) eta Ke arteko egunak (Antonio Eceiza, 1989) filmetan parte hartu zuen, baita La ardilla roja (Julio Medem, 1993), La madre muerta (Juanma Bajo Ulloa, 1993), Hola, ¿estás sola? (Icíar Bollaín, 1995) A ciegas (Daniel Calparsoro, 1997) eta Te doy mis ojos (Icíar Bollaín, 2003) lanetan ere. Euskal Herrian, Esnalen eta Altunaren Aupa Etxebeste (2005) komedian egin zuen lan Iruretak, baita 2019ko Agur Etxebeste!-n ere.
Zineman lan egiteaz gain, telesailetan eta telebistarako sortutako ekoizpenetan sarri parte hartu du. Bere azken agerpen entzutetsua Patria (2020) izan da, Fernando Aranbururen eleberriaren egokitzapena. Ane Gabarain aktore izan du bidaide, pantailan zein sariketa-ekitaldietan.