Euskal zinemagintzaren plaza izanik, euskarazko zinemazaleak elkartzeko bilgune bilakatuko da, aurten ere, Lekeitio. Hitzordua urriaren 20tik 23ra gauzatuko dute, eta Ramon Agirre aktoreari eskainiko diote Euskal Zinemaren Begirada.

EZB-2022_zinea

Euskara hutsez egiten den zinema jaialdirik zaharrena da Lekeitioko Euskal Zine Bilera, Hazparneko Zinegin jaialdiarekin batera, euskara hutsez egiten diren lanen erakusleiho bakarra. Lagun talde batek jarri zuen martxan duela 45 urte, eta mundu mailako pandemia bat pasa berritan, bizirik dirau. 2022ko edizioa urriaren 20tik 23ra bitartean ospatuko dute, eta dagoeneko ezagun dira xehetasunak.

Koldo Goitia Markuerkiaga Lekeitioko alkateak eta Xabier Arrate Burgillo Euskal Zine Bilerako koordinatzaileak atzo aurkeztu zuten herritarrak omentzeko helburuz antolatu duten urteurreneko ekitaldia: Lekeition zinea gara leloa izango du, eta sei kartel, lekeitiarrak protagonista dituztenak.  45. EZBko gonbidatu berezia Ramon Agirre aktore, idazle eta margolaria izango da, izan ere, Euskal Zinemaren Begirada hari zuzendutakoa izango da, donostiarraren “legatua aitortu, ospatu eta omentzeko tartea” eskainiko baitute.

Ohi baino egun gutxiago iraungo ditu 45. EZBk. Hala ere, “intentsoagoa” izango dela azpimarratu dute. Sail ofizialean, 20 film labur lehiatuko dira 3.000 euroko saria eskuratzeko asmoz. Getari Etxegarai aktore eta zuzendaria, Paul Urkijo zinemagilea eta Izaskun Urkijo arkitekto eta zuzendaria arduratuko dira lanak baloratzeaz, eta zuzendari onenaren saria (1.600 euro) zein gidoi onenarena (1.600 euro) ere banatuko dituzte. EITB Ikuslearen sariaren hartzaileak 750 euro jasoko ditu, eta 2000. urtetik aurrera jaiotako sortzaileek ere 750 euro irabazteko aukera izango dute. Emanaldiak urriaren 20an eta 21ean (19:00etan), zein urriaren 22an (11:00etan) egingo dituzte, Ikusgarri zinema aretoan. Ondoren, solasaldia egongo da egileekin, Gentzane Agirrek zein Ibai Zabalak gidatuta.

Ezagutu lehiaketa ofizialean erakutsiko dituzten lanak, jarraian.

Bestelako jarduerak

Emakume Zinegileen Topaketa Profesionalak urriaren 22an egingo dira, (H)emen elkarteak antolatuta, eta Arantza Santestebanen 918 gau filma pantailaratuko dute Ikusgarri aretoan. Kristina Zorita kazetariak gidatuko du saioa.

Bestalde,  Euskaltzaleen Topaguneak eta Lekeitioko Euskal Zine Bilerak elkarlanean antolatzen duten euskarazko film laburren rallya ere hartuko du hitzorduak. Kameratoia 2022 edizioa  urriaren 21etik 23ra bitartean ospatuko dute, eta deialdian izena emateko epea urriaren 16ra arte egongo da zabalik.

Zine-Lab proiektuarekin elkarlanean, Super 8 tailerra garatuko da urriaren 23an, Lekeitioko Kultur Etxean. Parte hartzaileek formatu honetan film bat sortzeko oinarrizko prozesuak eta materialak ezagutuko dituzte, pelikula filmatu, errebelatu eta jendaurrean proiektatu. Saioa 19:00etan izango da, Ikusgarrin. Tailerrean parte hartu nahi dutenek online eman beharko dute izena; gehienez, 15 pertsonako taldea osatuko dute.

Aldiz, esperimentazio artistikorako eta ikus-entzunezko alfabetizaziorako espazioa izango da ZOOM, etorkizuneko zinegile berrien formakuntzan eragiteko lekua. Arropaineko Arraguarekin elkarlanean ikus entzunezko sormenerako praktika bat eramango dute aurrera herriko ikastetxeetako ikasleekin batera. Programa hau 2022-23 ikasturtean zehar garatuko da, eta honen bukaeran EZBn erakutsiko den emaitza bat partekatuko da herritarrekin.

45. Lekeitioko Euskal Zine Bileraren inguruko informazio osagarria, hemen.