Zuzendaria: Fermin Muguruza
Urtea:
Herrialdea: Euskal Herria

 

Itsaso debekatuetan

Animazioaren bitartez iragana irudikatzeko borondate irmoz jarraitzen du Fermin Muguruzak Black is Beltza-ren unibertsoan, beste koxka bat ezarriz, aurretiaz planteaturikoan apur bat gehiago sakontzeko. Euskal Herritik mundura eta buelta, gure lurraldea mundu honen bazter honetan ere aktore badela gogorarazteko, planetan ematen den “aldi bereko xake partida” horien arteko joko politikoan.

Black is Beltza (2018)-ren haritik tiraka baina (ia) pertsonaiak errepikatu gabe. 20 urteren ondoren, Ainhoa, Manex-en alabaren ibilbide iniziatikoan bidai lagun izango gara. Ez gaitzala lehen minutuetako ustezko lasaitasunak engaina Ainhoa bere jatorrien sustraia ezagutu nahian Iruñeara iritsiko denean, Black is Beltzaren izpiritu gordin, azkar eta frenetikoan nolabaiteko arnasaldia baino ez baita izango. Pelikulak ondoren etenik gabeko dimentsioan sartuko gaitu, 80. hamarkadako argazki ahalik eta landuena osatzeko (musikaz zipriztinduriko kontaketan, Muguruza berak, Kortatu taldearen bitartez protagonismoa izango du). Are gehiago, pelikulari lepora dakiokeen aspekturik nabarmenena bere anbizio neurrigabea da, erreferentzia gehiegi pilatzen direnaren sentsazioa egongo baita zenbaitetan, bai eremu tematikoan bai eta espazialean ere. Igaroko gara Cuba, Libano, Afganistan, Kurdistan eta Frantziatik, arazo politiko oso bestelakoak tarteko, eta denen inguruko plazaratze zabalek saturazio kutsu bat eragingo dute, pertsonaiak eta eszenatokiak ere etengabe eta abiadura zitalean lerrokatuko baitira. Edonola ere, akusazio traketsa da hau, izan ere, Black is Beltzaren zigilu bezala interpretatu behar baita. Gertaerak era bortitzean ematen dira, hastapeneko izenburuko irudikapen grafikoan bezala, era hiperbolikoan. Ez da ikuslea eroso senti dadin eraikitako pelikula.

Animazioari dagokionean, lehen pelikularen ildotik jarraitzeko apustua gauzatzen da, irudi pertsonal eta boteretsua eratzeraino. Perfekzio tekniko digitalak hartu gaituen garaiotan, gustagarria da Muguruzak eraikiriko marrazki inperfektu eta artisau kutsua duen mundu honetan barneratzea. Akaso pertsonaien mugimenduak ez dira errealitatearekiko erabat mimetikoak, baina eszenan erabateko askatasunez jokatzea ahalbidetzen dute. Eta askatasun honek mesede egingo dio pelikulak jorratzen duen alor tematikoari.

Izan ere, Black is Beltza 2, bere aurrekaria bezala, pelikula nabarmenki politikoa da, munduko injustiziak seinalatu eta ahantzi ez ditzagun sorturikoa. Euskalduntasunaren ikuspegitik, eta bertako gatazkaren hazia landatuta, errelatoak tokian tokiko arazoak behatuko ditu, America, Asia zein Afrikan, elkarren arteko lotura azaleraziz (batez ere narkotrafikoa izango da errealitate guzti hauen ehunaren arteko jostorratza). Filmak plazaratzen duen erabaki formal zoragarrian, esaterako, osatzen dira munduak zituen (dituen?) injustizien batasuna: zenbaitetan tokian tokiko pertsonaiek bere errealitatearen inguruko azalpena egingo dute, era gordin eta zuzenean, normalean publikoki izkutuan dauden auziak aipatuz. Bada, lehen plano oso gertukoan irudikatuko zaigu hau, eremuaren beste aldea lisergikoki, era hipnotikoan mugitzen den bitartean. Botere ezkutuek mugitzen duten gurpil ankerraren irudikapen bikaina.

Eta aipatzekoa da, azkenik, pelikulak bere lehen atalarekiko eman duen aurrera urratsa. Momenturen batetan pentsa genezake, Manex eta Ainhoa-ren arteko transmutazioan geratuko dela filma, garaia, generoa eta eszenatokia aldatuta, nolabaiteko eskema berdintsuko remake-a izan litekeela. Bada, filmaren azken herena sorpresaz beterik egongo da, eta Ainhoaren pertsonaiak bilakaera adieraziko duen heinean, barneko grinak era biziki grafikoan askatu egingo ditu; filmaren tonua, ezustean, nazioarteko espioitzaren testuinguruan murgilduko da. Egia da, pertsonaiak bezala, pelikulak ere nolabaiteko kontrola galtzen duenaren sentsazioa daukagula, baina Black is Beltza tripen pultsioarekin eginiko filma da, borborka dagoen artefaktu bizi eta basatia. Horrelako pelikulari ezin zaio kontrolik eskatu.