Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren baitan, bi lurraldeotako ikus-entzunezko sektoreak harremanetan jartzea helburu duen topaketa gauzatuko da, azaroaren 14an.

Euskadi-Kantabria Networking 2022-zinea

Zineuskadi eta Kantabriako Gobernuko Lehendakariordetza eta Kultura Kontseilaritzaren ekimenez, Euskadin zein Kantabrian ikus-entzunezkoen sektorea sustatzeko eta bi erkidegoen arteko sinergiak sortzeko asmoa duen jardunaldi berezi bat gauzatuko da ZINEBI festibalaren 64. edizioan. Bertan parte hartu nahi dutenek urriaren 16a baino lehen eman beharko dute izena, eskatutako dokumentazioa info@cantabriafilm.com helbide elektronikora bidaliz.

Bi eskualdeen arteko lankidetza gauzatzeko egokiak izan daitezkeen fikziozko, dokumentalezko edo animaziozko lehen eta bigarren proiektuak galdegin dituzte, eta aurkeztutako guztien artean, sei aukeratuko dituzte, eskualde bakoitzeko hiru, aurkezpen-pitch bat egiteko aukera izango dutenak.

Kantabria – Euskadi Networking 2022 jardunaldia azaroaren 14an gauzatuko da, Azkuna Zentroko Iparragirre aretoan, eta bi eskualdeetako sektoreko profesionalak harremanetan jartzea izango du xede: koprodukzioa sustatzea eta networking guneak sortzea, ekoiztetxeek elkar ezagutu eta beren proiektuak mahai gainean jar dezaten.

Cinco lobitos (Alauda Ruiz de Azúa, 2022) filma aztertuz ekingo diote egunari. Proiektuan parte hartu duten Nahikari Ipiña eta Marisa Fernández Armenteros euskal eta kantabriar ekoizleek hartuko dute hitza. Arratsaldean, Zineuskadik aukeratutako hiru proiektuetako ekoizleek, one to one bilerak egingo dituzte Fernández Armenterosekin batera; Kantabriako proiektuetako arduradunek, berriz, Ipiñarekin.

Informazio gehiago eta deialdiaren oinarriak, hemen.