Donostia Zinemaldian hautaketa-batzordeko kide eta Elías Querejeta Zinema Eskolako irakasle den Victor Iriarte bilbotarraren opera primak FILMINek banatutako dirusaria eta MAFIZ Saria irabazi ditu. Señor y Señora ekoiztetxearen Samsara proiektua, aldiz, WIP Abycine Lanza sariaren hartzailea izan da.

Abycine lanza sariak-zinea

Mantxako lurraldean erreferente bilakatu asmoz jaiotako jaialdia da ABYCINE, ikus-entzunezko proposamen ausart eta dinamikoa, eta zinemak gaur egun dituen joera berriei buruzko hausnarketarako gune bat. Bada, jaialdiaren baitan, zinema independentea sustatzeko eta bultzatzeko asmoz ere, Abycine Lanza sariketaren zazpigarren edizioa ospatu dute iragan asteburuan, eta hainbat euskal ekoizpen nagusi izan dira.

Filmin streaming plataformaren babespean, 22.000 euro jaso ditu Iriartek. Reescritura bere lehen film luzeak, gainera, Malagako Zinema Jaialdiak banatutako MAFIZ Saria ere irabazi du, epaimahaiaren hitzetan, “emakumearen ikuspegitik norberaren patuaren bila egindako ikerketagatik, film noir tratamendu baten bidez, eta batez ere, nazioarteko dimentsioagatik”.

WIP Abycine Lanza sariaren hartzailea, aldiz, Aritz Moreno zuzendari donostiarrak eta Leire Apellaniz ekoizle bilbotarrak sortutako Señor y Señora ekoiztetxearen (eta Lois Patiñok zuzendutako) Samsara proiektua izan da. 7.000 euro jaso dituzte.

Duero ibaiaren ertzetan

Neonoir generoan kokatutako melodrama da Iriartek zuzendutako lehen film luzea, eta Isa Camporekin eta Andrea Queraltekin batera idatzi du gidoia. Talde teknikoa oihartzun handiko profesionalek osatuko dute: Alazne Ameztoy soinu arduradun zarauztarrak eta Maite Arroitajauregi musikari eibartarrak, besteak beste.

Duero ibaiaren ertzean bizi diren 50 urte inguruko bi emakumeren topaketa kontatuko du Reescritura-k: gaztetan, Verak (Lola Dueñas) bere haur jaioberria adopzioan eman behar izan zuen, haren kargu ezin izan baitzen egin. Corak (Ana Torrent), aldiz, medikuak hala aitortuta, ezinezkoa zuen seme-alabarik edukitzea, eta adoptatzeko aukera proposatu zion. Batak zein besteak, ama izatearen esperientzia partekatuko dute, eta Egoz (Manuel Egozkue) gaztea da bien arteko lotura. Portugalera egindako bidaian, iragana gogoratu eta etorkizuna berridatzi nahiko dute.

Iriartek urte luzez bidelagun izan duen Lacuesta da filmaren ekoizlea, eta Camposek (La Termita Films), Tamara Garcíak (Atekaleun) zein Katixa de Silvak (CSC Films) ere babestu dute proiektua. Frantziako eta Portugalgo ekoiztetxeen parte hartzea du, baita ICAA, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, TVE zein Televisió de Catalunya-rena ere.