John Cameron Mitchellek zuzendutako Hedwing and the Angry Inch (2001) filma pantailaratuko dute bihar, urriak 4, Errenteriako Niessen Kulturuneko zinema aretoan. Filma jatorrizko bertsioan emango dute, gaztelaniazko azpitituluekin.
Datozen hilabeteetan gauzatuko duten ziklo bereziaren berri eman du Ozzinema Zineklubak. Musikal garaikideen B aurpegia azaleratzeko asmoz, generoari gorazarre egingo diote abendura bitartean, hilabetero film bana eskainiz. Bihar, urriak 4, Hedwing and the Angry Inch lanak abiatuko du emanaldi sorta, eta Dancer in the Dark (Lars von Trier, 2000) zein Across the Universe (Julie Taymor, 2008) emango dituzte, azaroaren 8an eta abenduaren 20an, hurrenez hurren.
Izen bereko fikziozko musika talde baten istorioa kontatuko du Hedwig and the Angry Inch komedia dramatikoak, Ekialdeko Alemanian jaiotako queer abeslari bat buru duena. Hedwing bera. Sexu aldaketa egiteko ebakuntza gaizki atera ostean, rock talde bat sortzea erabakiko du protagonistak.
Cameron Mitchellek zuzendutako lanak arrakasta izan zuen nazioarteko zinema jaialdietan. Besteak beste, ikus-entzuleen saria eta zuzendari onenarena eskuratu zituen Sundanceko festibalean, aktore onenarena Xixonen,; aldiz, hainbat izendapen Urrezko Globoetan, Independent Spirit sarietan zein British Independent Film Awards-en.
19:30ean hasiko dute emanaldia, eta sarrerak kulturuneko leihatilan, Lekuona Fabrikan eta Interneten eros daitezke, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik.