Ohiko ziklo, atzera begirako eta emanaldi bereziez gain, Nafarroa Shortzinema katalogoa osatzen duten sei film laburren lehen emanaldia egingo dute.

Urria nafarroako filmoteka-zinea

Nafarroako Filmotekak erritmoa hartu dio ikasturte hasierari. Irailean erakundearen lagun izandakoei omenalditxoa egin ostean, ziklo, elkarlan eta atzera begirako oso bereziei emango diote paso urrian. ADItech erakundearekin batera, eta Condestable Civivoxekin lankidetzan, laugarrenez jarriko dute martxan Zinema eta Zientzia programa. Nafarroako kultura zientifikoa sustatzeko helburuz, larunbatero, film bana pantailaratuko dute, Nafarroako I+G+B Sistemaren (SINAI) ikertzaileen parte-hartzearekin. Adimen artifizialera hurbiltzeko saio batekin hasiko dute zikloa, Ich bin dein Mensch (Maria Schrader, 2021), eta Dona, costé no té res! (Eva Martínez Corcuera, 2022), Soylent Green (Richard Fleischer, 1973) eta 2040 (Damon Gameau, 2019) lanak emango dituzte gero.

Bertako zinemagileak bistaratzeko konpromisoari eutsiz, halaber, Nafarroan ekoitzitako hainbat lan izango dira ikusgai Nafarroako Filmoteka atalean, bi saiotan. Lurraldean egiten den zinemari tokia eginez, sei film labur eskainiko dituzte urriaren 4an, Nafarroa Shortzinema katalogoko lanak erakutsiz: Hezur berriak (Aritz Lazkano Vendrell, 2022), Alas/Tierra (Maddi Barber, 2022), Amanece la noche más larga (Lorena Ares lago eta Carlos Fernández de Vigo, 2022), El querer (Miguel Machetti, 2022). Our Voices (Natxo Leuza, 2022), eta San Simón 62 (Irati Gorostidi (2022). Hilaren 18an, aldiz, Home Movie Day ospatzeko asmoz, lurraldeko zinema amateurrari egingo diote gorazarre.

Ateneok aurkezten du… atalean, bestalde, Blake Edwardsek zuzendutako The Pink Panther (1963) filma eskainiko dute. Jazz Classic Ensemble taldeak zuzenean interpretatuko du Henry Mancinik konposatutako soinu banda, eta Julio Escauriaza Musika Kontserbatorioko irakasleak aurkeztuko du saioa. Hilabeteroko saio bereziei dagokienez, Espainiako Zinemaren Egunaren harira, Basilio Martín patinok sortutako Canciones para después de una guerra (1971) dokumentala egongo da ikusgai, urriaren 6an. Zinema eta Liburutegiak zikloa ere bueltan da urrian, hiru proposamenekin: The Publick (Emilio Estévez, 2018), Three Days of the Condor (Sydney Pollck, 1975) eta Toute la mémoire du monde (Alain resnais, 1956).

Kultura, arte eta pentsamenduari buruzko nazioarteko topaketarekin ere bat egingo du Nafarroako Filmotekak. Nafarroako Gobernuak antolatua eta Ramón Andrésren komisariotzapean, urriaren 6tik 18ra munduari begiratzeko eta pentsatzeko modu berriak eskainiko zaizkio ikus-entzuleari. Honako film hauek pantailaratuko dituzte Iruñeko 72-2022 Topaketak enkontruetan: Babi yar. Context (Sergei Loznitsa, 2021); La hamaca paraguaya (Paz Encina, 2006); José Luis Guerínek zuzendutako Recuerdos de una mañana (2011), Carta nº3: De las correspondencias con Jonas Mekas (2011), For Heddy (2020); eta Vitalina Varela (Pedro Costa, 2019).

Egitaraua borobiltzeko, Italia aldera joko dute, Roberto Rosselliniren film nabarmenenekin osatutako atzera begirakoa hasiz. Erregimen faxista 1945ean amaitu zenean, Erroma askatu eta bi hilabetera, Roma, città aperta hasi zen prestatzen, Paisá (1946) eta Alemania, anno cero  (1947) filmekin osatutako trilogiaren lehen zatia. Hain zuzen ere, italiar errealismo berriari nolabait hasiera eman zion film hau pantailaratuko dute filmotekan, hilaren 26an. Aurretik, 19an, Samuel Alarcón espainiarraren La ciudad de los signos (2009) dokumentalarekin Rosselliniren unibertsoan barneratzeko aukera egongo da.

Emanaldietarako sarrera orokorrak 3 euro balio ditu, eta aldez aurretik hartzea gomendatu dute antolatzaileek, Nafarroako Filmotekaren webgunean. Hala ere, egunean bertan ere eskuragarri egongo dira leihatilan, filma hasi baino 45 minutu lehenagora arte. Nafarroako Filmoteka eta saio berezietarako sarrerak, aldiz, euro bat balio du.

Ezagutu Nafarroako Filmotekak urrirako prestatu duen egitaraua, hemen.