Izurde mutikoa filma euskaraz estreinatuko dute gaur Hego Euskal Herriko sei aretotan, Zineuskadik bultzatutako Zinema Euskaraz programaren baitan. Mohammad Kheyrandishek zuzendutako film errusiarra da, publiko guztientzat egokia.

Izurde batzuek itsasoan galdutako ume bat salbatzen dute, eta familiako beste bat balitz bezala hezten dute. Poz-pozik bizi dira olatu azpian, harik eta munstro zital batek urpeko mundua bereganatzen duen arte.

Umetxoa lehorrera erbesteratzen dute, eta bertan bihotz oneko Murvarid kapitainak hartzen du etxean. Kapitainaren eta bere lagun mina eta ia anaia den Elur-bola izurdearen laguntzaz, mutikoak bere benetako jatorriaren misterioa argitzeko bidaia bati ekingo dio. Abentura zirraragarriak ditu bistan!

Ondorengo aretoetan izango da ikusgai: Bilboko Golem Alhondigan, Getxo Zinemak aretoan, Gasteizko Gorbeia zinemetan, Bilboko Multicines7 aretoeran, Errenteriako Niessen zinemetan eta Iruñeko Golem La Morean. Gainera, datorren astetik aurrera Donostian ere proiektatuko dute.

Zinema Euskaraz programari esker

Zineuskadi Elkartearen Zinema Euskaraz programaren bidez bikoiztutako lana da, 2022ko seigarrena. Aurretik, Ilargirantz (Ali Samadi Ahadi, 2021); Ainbo: Amazoniako gerraria (Jose Zelada eta Richard Claus, 2021), Barraskiloa eta balea eta itsasoko beste ipuin batzuk (Max Lang, Daniel Snaddon; Aliona Baranova; Barbora Valecká, Filip Pošivač eta Fabrice Luang-Vija, 2021), Ama Mu etxera itzuli da (Christian Ryltenius, 2022) eta DC Supermaskoten Liga (Jared Stern eta Sam Levine, 2021) euskaratu ditu.