Zinemaren Festa eta Hispanitatearen Egunaren bezpera direla eta, urriaren 4an eta 11n ez da saiorik izango. Aldiz, gogotsu bueltatuko dira hilaren 18an eta 25ean. Zineklubaren lehenengo proiekzioa egin zutenetik 50 urte pasa direla ospatzeko, gainera, hilaren 19an Antzoki Zaharrean bilduko dira jai-giroan.

Kresala Zinekluba-urria-zinea

Donostia Zinemaldian batera eta bestera ikusi ditugu Kresala Zineklubeko kideak, eta merezitako atsedena hartzea badagokie ere, urria ez da edonolako hilabetea izango haientzat. 50 urte beteko dituzte, eta efemeridea ospatzeko asmotan dira, nola ez. Victor Sjöström zinemagile suediarraren The Wind (1928) klasikoa pantailaratuz ekin zioten beroketa lanei, urtarrilean, eta Shame (2011), Steve McQueenek zuzendutako drama-erotiko asaldagarriaren emanaldi berezia atondu zuten, maiatzean. Bada, urte erdi baino gehiago pasa da, eta atzera kontaketa bukaerara iristear da.

Kresala Zinekluba, hamaika mundutarako leiho bat dokumentalaren mundu mailako aurkezpenarekin festak eztanda egingo du Donostiako Antzoki Zaharrean. Izan ere, urriaren 19a dute begiz jota, duela mende erdi zineklubaren historiako lehen proiekzioa egin zuteneko eguna. Kresala Sariak banatzeko ekitaldia egingo dute ere, eta Luis Bergua, Juan Berasategi eta Fernando Mikelajauregui izango dira hartzaileak, “gure maisu, lagun eta proiektua bizirik mantendu zutenak”, azaldu dutenez. Saioa 19:30ean izango da, eta gonbidapenak Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eskura daitezke, urriaren 3tik aurrera.

Aurreko egunean, baina, astearteetako ohiko martxa berreskuratuko dute. Pobrezia Zero elkartearekin lankidetzan, Aki Kaurismäki finlandiarrari eskainitako atzera begirakoari emango diote jarraipena. Kasu honetan baina, denboran aurrera salto egin, eta Proletariotzaren trilogiaren azken filma pantailaratu ordez, 2011n Cannesko Zinemaldian FIPRESCI saria jaso zuen Le Havre emango dute. Hilaren 18ko saioa doan da.

Hilabeteari amaiera emateko, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko 33. Astearen baitan, Alex Garland zuzendari britainiarraren Men (2022) filma egongo da ikusgai, urriaren 25ean. Ohiko legez, ZINEAk emanaldirako sarrera bikoitza zozkatuko du.