Lege-esparrua eta jabetza intelektualeko eskubideak kudeatzeko aukerak ezagutu nahi dituzten musikari, arte eszenikoen eta ikus-entzunezkoen profesionalei zuzenduriko ‘JABETZA INTELEKTUALA: ARTE ESZENIKOETARAKO ETA IKUS-ENTZUNEZKOETARAKO MUSIKA’ izeneko ikastaroa antolatu du (H)emen Elkarteak, Ainara LeGardon musikariaren gidaritzapean. Urriaren 6an, Donostiako Egia auzoko Teila Fabrikan egingo dute.

Musikan, arte eszenikoetan eta/edo ikus-entzunezkoetan aritzen zara? Inoiz sentitu al duzu zure sorkuntzak edo ekoizpenak kudeatzeko tresnak falta zaizkizula? Soinu-banda bat enkargatu dizute eta zalantzak dituzu zure egile-eskubideen kudeaketari dagokionez? Zure sorkuntzetan sartu nahi dituzun beste obra batzuk erabiltzeagatik baimenak eskatzeko prozeduraren inguruan baduzu hutsunerik? Zalantza hauek eta beste hainbeste landuko dira JABETZA INTELEKTUALA: ARTE ESZENIKOETARAKO ETA IKUS-ENTZUNEZKOETARAKO MUSIKA izeneko jardunaldian.

Sormen-prozesuetan maiz sortzen diren premiei erantzunez, horietan sakonduko du Ainara LeGardon musikari, sortzaile eta saioaren gidariak, bai ikuspegi teoriko zein praktiko batetik. Hala, beren zalantzak, esperientziak eta kezkak partekatzeko tartea izango dute bertara gerturatzen diren profesionalak eta, aholku eta irizpide profesionala jasotzeaz gainera, ikastaroan jorratutako eduki guztia duen PDF bat emango zaie guztiei.

H)emen Elkarteak antolatuta, Donostiako Egia auzoko Teila Fabrika erabilera anitzeko espazioan egingo dute hitzordua, datorren urriaren 6an. Saio bakarra izango da eta hiru orduko luzapena izango du, 17:00etatik 20:00etara.

Edukiera mugatua izango da (15 pertsona) eta, hortaz, ezinbestekoa da aurretiazko izen-ematea egitea. Ikusi xehetasun gehiago, hemen.

Ainara LeGardon

Arestian aipatu bezala, Ainara LeGardon (Bilbo, 1976) musikari eta artista izango da parte-hartzaileak gidatuko dituen profesionala. Bere jarduera artistikoarekin batera, ikerlari eta dibulgatzaile gisa aritu da ere Kultura Kudeaketaren eta Jabetza Intelektualaren arloan.

2018ko abendutik aurrera, Kulturaren Euskal Kontseiluko kide da, eta Genero Estrategien eta Politiken taldean dihardu. Eusko Jaurlaritzaren aginduz, 2019an, EAEko musika-sorkuntzaren eremuko emakumeen eta gizonen egoerari buruzko txostena egin zuen.2020an LeGardon.net sortu zuen, sormen-proiektuetarako aholkularitza-plataforma integrala, artistentzako eta kultura-eragileentzako prestakuntza- eta gaikuntza-puntu gisa balio duena, eta Autoretza, jabetza intelektuala dummientzat izeneko podcasta ekoizten da.

Bere lana www.ainaralegardon.com webgunean kontsulta daiteke.