Sail Ofizialean, fikziozko 6 film luze eta 6 dokumental egongo dira lehian. Emanaldiak Gasteizko Florida zinemetan egingo dituzte, eta bertako 3. aretoko saioak, gainera, euskarazko azpitituluekin izango dira.

Afrikaldia II-zinea

Afrikar Zinemen Euskal Jaialdia urriaren 3tik 8ra bitartean ospatuko dute, Gasteizen. Estibaliz Canto, Gasteizko Hezkuntza eta Kultura arloko zinegotzia; Jose Antonio Rodríguez Ranz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea; Arantxa Ibañez de Opacua, Vital Fundazioaren zuzendaria; eta Beatriz Leal, Afrikaldiako programazioko zuzendaria izan dira festibalaren bigarren edizioko aurkezpen prentsaurrekoan, eta besteak beste, aurten, 20 proiekziotik gora izango dituela aurreratu dute.

Hiriari ekarpen handia egiten diola azpimarratu du Cantok, “euskal kulturaren eta kultura afrikarraren arteko topagune” bihurtuko baita ekitaldia. Ibañez de Opacuak, bere aldetik, nabarmendu du “Afrikako kulturartekotasuna ikusgai jartzeko beharrezkoa” dela jaialdia, eta horri esker, “kritikotasuna garatu, ezagutu eta eztabaida” sustatzeko gune bilakatuko dela, Gasteiz eta Araba Afrikako zinemaren lehen postuetan kokatuz.

Urria hastearekin batera ekingo diote Afrikaldiaren bigarren edizioari, eta irekiera ekitaldia Maeztuko Maria aretoan (Europa Biltzar Jauregia) egingo dute, hilaren 3an, 19:00etan. Boli Kostatik ekarritako La Nuit Des Roiz (Philippe Lacoste, 2020) filma pantailaratuko dute, eta zinemagileak 2021eko AFK Epaimahaiaren Saria jasoko du. Itxiera gala, aldiz, jauregiko Francisco de Vitoria aretoan egingo dute.

Sail Ofizialean, fikziozko 6 film luze eta 6 dokumental egongo dira lehian. Besteak beste, Hegoafrikako –Mlungu Wan (Jenna Cato Bass, 2021)-eta Nigeriako – Otiti (Ema Edosio, 2021)-, Tanzaniako –Vuta N’kuvute (Amil Shivji, 2015)-, Keniako –I am Samuel (Oeter Murimi, 2020)-, Egiptoko –Feathers (Omar El Zohairy, 2021)-, Maliko -Le dernier refuge (Ousmane Samassekou, 2021)- eta Tunisiako –Une histoire d’ amour et de désir (Leyla Bouzid, 2021)- ekoizpenak erakutsiko dituzte, Florida zinema aretoetan. Epaimahaia, Katixa de Silva Ruiz de Austri ekoizleak, Armando Buika aktoreak eta Arantza Ibarra zuzendariak osatuko dute.

Sail paraleloa EHUren Arabako Campusean gauzatuko da, eta filmen proiekzioez gain, eztabaidarako tartea irekiko dute. Industriako profesionalek ere izango dute hitzordurik: Monterhomo Kulturunean hainbat topaketa atondu dituzte. Gasteizko Gizarte Etxeak, aldiz, hainbat tailer hartuko ditu Afrikaldiak iraun bitartean.

Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiaren egitaraua ezagutu, hemen.