‘Ikus-entzunezkoen kontsumoa udalerri euskaldunetan’ ikerketaren emaitzak argitaratu ditu UEMAk. LH4tik Batxilergoko bigarren maila bitarteko 94 udalerritako ikasleen 11.571 inkesta jaso dituzte: “Azken urteetako sentsazioak eta kezkak datuetara ekarri nahi izan ditugu”.

UEMA txostena-zinea

Gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko ikerketaren aurkezpena egin zuen atzo UEMAk, Eusko Legebiltzarrean. Agerraldian, ondorioztatutako egoera “makurra” dela ohartarazi zuten Iraitz Lazkano erakunde publikoko lehendakariak eta Garikoitz Goikoetxea azterketaren arduradunak: “Euskara erdaren oso azpitik dago”. Telebista, sare sozialak, streaming plataformak, musika eta bideo-jokoen kontsumoa aztertu dute, eta diagnostikoaren larritasunaz jabetuta, hizkuntza-politikaren ikuspegitik benetako erabaki sendoak hartzearen  beharra aldarrikatu dute.

Ikus-entzunezkoen kontsumoa udalerri euskaldunetan’ azterlanaren nondik norakoak azalduz hasi zuten hizketaldia, Gasteizen. Argitu dutenez, “sentsazioak eta kezkak datuetara ekarri” nahi izan dituzte, ikastetxe eta udalak bidelagun. LH4tik Batxilergoko bigarren maila bitarteko 94 udalerritako ikasleen 11.571 inkesta jaso dituzte, horien hizkuntza profila ezaugarrituz (hizkuntza hautua, erraztasuna eta erabilera), lehenik, eta kontsumo-praktikak zehaztuz, gero.

Telebista eta streaming plataformak

Bildutako datuen arabera, ETB1 (%35,6) da lehen hizkuntza euskara duten ikasleen artean telebista kate ikusiena, Telecindo (%21,6), Clan (%21) eta FDF (%20) hautuen aurretik. Hala ere, azpimarratu nahi izan dute telebistarik ikusten ez duten gazteen kopurua handia dela (%16,8). Marrazki bizidunei dagokienez, Lehen Hezkuntzako ikasleek gaztelaniazko hedabideetara jotzen dute, nabarmen: Clan kateak (%42,9) bikoiztu egiten du ETB3-ren ehunekoa (%22,1).

Plataformen kontsumoa, bestalde, handitu egin da. Netflix (%62,1) da guztien errege, eta koska ateratzen die Amazon Prime (%32,6), Movistar+ (%19,8) eta Disney+ (%12,0) plataformei. Are gehiago EiTB Nahieran zerbitzuari, izan ere, %10eko langatik behera dago, gutxigatik bada ere. Plataformarik erabiltzen ez dutenen ehunekoa %18koa da, telebista lineala ikusten ez dutenenaren parekoa. EiTB Nahieranen kasuan, lehen hizkuntza euskara dutenen artean dago indartsuen (%14).

DBH eta Batxilergoko ikasleen artean La casa de papel telesaila da jarraipenik handiena izan duena (%54), eta Goazen (%45), bigarrena. Zehazte aldera, euskara lehen hizkuntza duten ikasleen erdiek baino gehiagok ikusi dute Basakabiko udalekuetan girotutako istorioa (%52); aldiz, gaztelania lehen hizkuntza dutenetik, % 25ek. Datu orokorrari begira, UEAMAko herrietako ikasleen %73k, azkenekoz, gaztelaniaz ikusi dute telesail bat.

Sare sozialak

Kontsumo ohiturak nabarmen aldatu dira azken urteotan, eta sare sozialak dagoeneko gure egunerokoaren parte dira. Joera argia da: “Zenbat eta gorago adinean, sare sozial gehiagotan dabiltza ikasleak”. Gazteen % 85ek Youtube erabiltzen dute, baina Whatsappek (%74), Tiktokek (%64) eta Instagramek (%56) ere harrera ona dute. Twitter (%13), Telegram (%6) eta Facebook (%4), aldiz, apaltzen doazela aipatu dute UEMAko ikerlariek.

Erabilera aztertuta, sareetara igotako edukien berri ere eman dute: “Sare sozialen arabera aldakorra da hizkuntzen erabilera, bakoitzean dabiltzan ikasleen hizkuntza-soslaia ere desberdina delako. Instagramen dabiltzanen erdiek euskaraz idazteko ohitura dute”. Twitch eta Tiktoken askoz baxuagoa da ehunekoa.

Musika eta bideojokoak

Musikari erreparatuta, ikasleek nagusiki Youtube (%78,3) eta Spotify (%69) plataformak erabiltzen dituzte musika entzuteko. Hizkuntza hautuari dagokionez, Lehen Hezkuntzan entzuten da euskarazko musika gehien (%36,9).

Bideo-jokoen erabilerari erreparatuz, hiru ikasletik bik maiz egiten dute praktika, Lehen Hezkuntzakoak buru (%78). Horien kontsumoa gaztelaniazkoa da nagusiki (%54,4); euskarazkoa aldiz oso baxua (%3,5).

Ezagutu eguerdian ‘Ikus-entzunezkoen kontsumoa udalerri euskaldunetan’ azterlanaren nondik norakoak, sakonean, jarraian.