918 gau (Arantza Santesteban)
| Dokumentala |
2007ko urriaren 4an, Arantza, filmaren zuzendaria, atxilotu eta espetxeratu zuten. Zenbait oroitzapen gordetzen ditu egun haietatik: patioko joan-etorri amaigabeak, igeriketa-lehiaketak, Rasharen bizipen latzak kartzelan… 918 gau giltzapetuta eman eta gero, Arantza aske geratu zen. Handik aurrera, grabagailu batean jaso zituen bere oroitzapenak eta zalantzak, eta filmean zehar azalduko zaizkigu, memoria zatikatu baten eran.
Besteak beste, 70. Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean eta 16. Punto de Vista Jaialdian lehiatu da filma aurten. Irakurri hemen Ines Arruek filmaz idatzitakoak.
.
.
Black is Beltza II: Ainhoa (Fermin Muguruza)
| Animazioa | Drama |
Ainhoa mirariz jaio zen La Pazen (Bolivia) Amanda ama eraso parapolizial batean eraila izan ondoren. Kuban hazi eta 1988an, 21 urterekin, Euskal Herrira abiatuko da Manex aitaren lurraldea ezagutzera. Gatazka errepresibo betean, Josune kazetari konprometitua eta bere lagun koadrila ezagutuko ditu.
Horietako bat heroina gaindosi baten ondorioz hiltzen denean, Ainhoa eta Josune iniziazio-bidaian murgilduko dira Libano, Afganistan eta Marseilla hiritik barrena. Gerra Hotzaren azken urteak dira eta biak ala biak narkotrafikoko sareek trama politikoekin elkartzen diren mundu ilunean barneratuko dira.
70. Donostia Zinemaldiaren abaroan, Belodromoan egindako emanaldi berezian, aurkeztu du filma Muguruzak.
.
.
Izurde mutikoa (Mohammad Kheyrandish)
| Animazioa |
Izurde batzuek itsasoan galdutako ume bat salbatzen dute, eta familiako beste bat balitz bezala hezten dute. Poz-pozik bizi dira olatu azpian, harik eta munstro zital batek urpeko mundua bereganatzen duen arte.
Umetxoa lehorrera erbesteratzen dute, eta bertan bihotz oneko Murvarid kapitainak hartzen du etxean. Kapitainaren eta bere lagun mina eta ia anaia den Elur-bola izurdearen laguntzaz, mutikoak bere benetako jatorriaren misterioa argitzeko bidaia bati ekingo dio. Abentura zirraragarriak ditu bistan!
Zineuskadi Elkartearen Zinema Euskaraz programaren bidez bikoiztutako lana da, 2022ko seigarrena.
.
.
La consagración de la primavera (Fernando Franco)
| Drama |
Madrilera iritsi berri da Laura unibertsitate-ikasketak egiteko. Gau batean, ezustean, David ezagutuko du, garun-paralisia duen mutil bat. Mutilarekin eta haren amarekin izango duen harremanari esker, Laurak alde batera utziko ditu konplexuak eta segurtasun ezak, etapa berri bati konfiantzaz aurre egiteko. Istorio honek bizitzako momentu bat kontatzen du, non dena baita posible, eta ezustean ezagutzen ditugun pertsonak erabakigarriak izan daitezkeela.
Telmo Irureta euskal aktorea aurkituko duzue 70. Donostia Zinemadiaren Sail Ofizialean aurkeztutako film honetan. Ikusi hemen Ander Makazagak filmaz idatzitakoak.
.
.
Argentina, 1985 (Santiago Mitre)
| Thriller | Drama judiziala |
Julio Strasseraren eta Luis Moreno Ocamporen benetako historian oinarrituta dago. 1985ean Argentinako historiako diktadura militar odoltsuena ikertu eta jazartzera ausartu ziren bi fiskal horiek. Izan ere, demokrazia berri eta hauskor hartan indar militarrak zuen eraginak ez zituen beldurtu Strassera eta Moreno Ocampo, eta ustekabeko heroiez osatutako talde juridiko gazte bat bildu zuten “David Goliaten aurka” motako bataila baterako.
Mehatxatuta bizi baziren ere (baita euren familiak ere), denboraren aurka egin zuten korrika, junta militarraren biktimen aldeko justizia erdiesteko.
2022| 70. Donostia Zinemaldia: Perlak – Europar Film Onenaren saria
2022 | Veneziako Jaialdia: FIPRESCI saria
Irakurri hemen Iker Zabala kritikariak filmari eskainitakoak.
.
.
Avec amour et acharnement (Claire Denis)
| Drama | Erromantzea |
Elkar ezagutu zutenean, Sara Françoisekin bizi zen, Jeanen lagun onenarekin. Orain, Jeanek eta Sarak elkar maite dute, eta 10 urte daramate elkarrekin bizitzen. Egun baten, Sarak François ikusiko du kalean. François ez da konturatuko, baina Sarak bizitza bat-batean alda dakiokeela sentituko du. Aldi berean, François, lehen aldiz hamar urtean, berriz jarriko da harremanetan Jeanekin, eta berriz ere elkarrekin lan egitea proposatuko dio. Une horretatik aurrera, denek kontrola galduko dute.
.
.
Moonage Daydream (Brett Morgen)
| Dokumentala | Musikala |
David Bowieren sorkuntza- eta musika-lanaren bidezko odisea zinematografikoa da. Argitaratu gabeko irudiak argitara ematen dituen dokumentala. Brett Morganek zuzendu du, eta bost urteko lana eskatu du, Bowieren familiaren eta kolaboratzaileen babesarekin eta konplizitatearekin.