Migrazio-istorio bat idatzi eta film labur bilakatzeko erronka du irabazi asmorik gabeko B-egia zinemagintza elkarteak sortutako ekimenak. Izen-emate epea zabalik da dagoeneko, urriaren 16ra arte. Azpimarratu dutenez, lehen fase honetan ez dute gidoirik eskatuko, aldiz, tutoretza profesionala eskainiko dute.
Bidasoaren mugatik barrena dagoen migrazio arazoa ikus-entzunezkoetan islatzea helburu den Ahotsak gidoi lehiaketa martxan jarri du B-egia zinemagintza elkarteak. “Urtero mugan harrapatuta dauden migratzaileak hiltzen dira, eta hori kontatu egin behar da. Horretarako, sortzen ari diren idazle gazteen arteko lankidetza lortu nahi dugu, bizi partekatuak egoera horretan dauden migratzaileekin elkarrizketatuz, mugaren bi aldeetan”.
Egoitza Gipuzkoan, Nafarroan eta Pirinio Atlantikoetan duten pertsona guztiek dute lehiaketan parte hartzeko aukera, eta jakinarazi dutenez, 30 urte azpiko gazteek izango dute lehentasuna. Deialdia zabalik da dagoeneko, eta urriaren 16ra bitartean jasoko dituzte izen-emate eskaerak, ondoko formularioan. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, lehen fase honetan “ez dugu gidoirik eskatuko, baizik eta hiru pertsona aukeratuko ditugu, gerora, gidoi bat landu dezaten”.
Behin izen-ematea baieztatuta eta lehiaketaren oinarriak onartuta, partaideek konpromisoa hartuko dute antolatzaileek migratzaileekin urria eta abendua bitartean egingo dituzten elkarrizketetan (gutxienez, batean) parte hartzeko, eta abenduaren 31 baino lehen 300 eta 600 hitza arteko migrazio-istorio bati buruzko sinopsi-idazki bat aurkezteko.
Urtarrilaren 11n, B-egia elkarteko kideek osatutako batzordeak hiru istorio aukeratuko ditu guztien artean, eta finalistek 6 orduko tutoretza profesionala izango dute, gidoi zinematografiko bat idazteko (otsaila bitartean). Epaimahai batek gidoi onena aukeratuko du, eta 300 euroko saria emango dio sortzaileari. Hala, 2 eta 5 egun arteko epea izango du film laburra errodatzeko, 2023ko apirilean eta maiatzean. Elkartea bera arduratuko da obraren ekoizpen osoaz, baita zabalkundeaz ere. Gainerako bi finalistei filmaketan parte hartzera gonbidatuko zaie.
Ahotsak gidoi lehiaketaren oinarriak ezagutu, jarraian.