50 film pantailaratuko dituzte lau sail lehiakorretan, eta Ramon Barea aktoreak klase magistral bat ere eskainiko du. Urriaren 6tik 22ra bitartean gauzatuko dute festibala, eta gutzira, 4.000 euro baino gehiago banatuko dute sarietan.

Santurtzine 10-kartela-zinea

Saregabe taldeak antolatutako Santurtziko Zinema Jaialdia urteurren borobila ospatzekotan da aurten. Hamar urte beteko ditu urrian, eta festibalaren historiari hainbat keinu eginez, hilaren 6tik 22ra bitartean zinema izango da hirian mintzagai. Amaia Etxaniz diseinatzaileak diseinatu du hitzorduko irudia, adierazpen askatasunaren aldarri izan nahi duen kartela, emakume anonimo bat protagonista duena.

Gaur bertan aurkeztu dute Santurtzineren 10. edizioa, eta ohi bezala, hiri ostalaritza-establezimenduak epizentroa izango direla aurreratu dute. Hala ere, irekiera ekitaldia Bilbon egingo dute, Itsasmuseumen, eta Estibaliz Urresolaren Cuerdas (2022) film laburra zein Javi Juliok zuzendutako Aita Mari (2021) emango dituzte. Ez da festibalak Bizkaiko hiriburua bisitatuko duen aldi bakarra izango, izan ere, hilaren 9an, itsasontziz egindako itsasaldia berreskuratuko dute: Ibai Ederra ontzia Santurtzitik irten eta Karolaraino joango da.

Inoiz baino film gehiago aurkeztu dira 2022ko deialdietara, guztira, 526 lan jaso dituzte antolatzaileek. Horietatik, 50 inguru ikusteko aukera egongo da, eta 4.000 euro baino gehiago banatuko dute sarietan. Berrikuntza gisa, sail guztiak lehiakorrak izango dira. Tokiko atalean, 19 film laburrek izango dute sari nagusia irabazteko aukera (beste lau, lehiaz kanpo erakutsiko dituzte). Espainiar lurraldeko filmei eskainitako sailean, aldiz, dagoeneko arrakastatsu izan diren 10 proposamen eskainiko dituzte, tartean David Perez Sañudoren Vatios.

Orain arte erakusketa izaera zuen Euskal Pantailak atalari EiTB batu zaio aurten. EiTBk 1.000 euroko saria emango dio Euskal Herriko egile hasiberrien lan onenari. 9 euskal proiektuk izango dute saria jasotzeko aukera, eta lehiaz kanpo, Cuerdas zein Cinco Lobitos (Alauda Ruiz de Azua, 2022) lanak ere erakutsiko dituzte.

Amnistia Internazionala erakundeak jaialdia babestuko du aurten ere, Ibiltaria atalaren bidez, hain zuzen ere. Oraingo honetan, Giza Eskubideen Adierazpenaren 19. artikuluari buruzko bost film labur eta luze programatu ditu, adierazpen askatasuna eta protestarako eskubidea gai dituztenak. Saria epaimahai gazteak ebatziko du, institutu eta unibertsitateetako ikasleez osatuta egongo denak.

Bestelako jarduerak

Santurtzinek filmen emanaldiak, erakusketak, lehiaketak eta hainbat hezkuntza programa uztartzen ditu urtero. Egitura horizontala du, hau da, sortzaileak eta ikus-entzuleak maila berean jartzen ditu, hartu-emana izan dezaten, eta hiriko dinamizazio kultural, sozial eta ekonomikoa du helburua.

Hirugarren urtez, Santurtzi Zine Lantegia ospatuko da. EiTBren babesa izango du, eta Ramon Barea aktorea izango da gidaria. Urriaren 11n, gainera, afari sekretua egingo da eta, eta urteurren jaia ere prestatu dute, Caffe Music-en. Metro Bilbaok Santurzineren Hamar Urteak argazki-erakusketa jarriko du ikusgai irailaren 26tik urriaren 23ra, eta Bi emanaldi berezi izango dira Oriol URH Jauregian (hilaren 16an, igandea) eta Arrantzaleen Kofradian (hilaren 20an, osteguna).