Beste urte batez, euskaraz sorturako ikus-entzunezkoen erakusleiho izango da Irudienea gunea Durangoko Azokak iraungo dituen bost egunetan. Dokumentalak, film luzeak, film laburrak, web-telesailak, animazioak, esketxak… dei egin dituzte parte hartzera, egun joera den sorkuntza aniztasuna ordezkatzeko.

Durangoko Azokak 57. Edizioa ospatuko du datorren abenduaren 7tik 11ra bitartean, eta hala nahi dutenek, aukera dute jada standak eskuratzeko. Horrez gain, zabaldu dute egitarauan parte hartzeko epea. Kultur sortzaileek Azokako guneetara aurkeztu ahal izango dituzte euren proposamenak: Talaia, Ahotsenea, Kabi@, Saguganbara, Szenatokia eta, noski, ikus-entzunezkoari eskainitako Irudienea.

Euskal Herrian azken urtean euskaraz sortutako ikus-entzunezko lanak proiektatu ahal izango dira bertan: film laburrak, dokumentalak, fikzioak, aurkezpenak… Horretarako, Durangoko Azokaren webgunean topatuko dituzuen argibideak jarraitu beharko dituzue, eta dagokion arduradunak baieztatuko du zuen parte hartzea. Urriaren 7ra arte egongo da epea zabalik.

Espazioaren kudeaketaz arduratzen den Euskatzaleen Topagunetik adierazi dute ahalegina egingo dutela jasotako lanen aniztasuna islatuko duen plaza osatzen, eta hala, genero guztietako ikus-entzunezkoak onartuko dituztela.