Walk_Up-kritika-zinea

Zuzendaria: Hong Sangsoo

Urtea: 2022

Herrialdea: Hego Korea

Saila: SAIL OFIZIALA

Mahai bat, bizpahiru pertsonaia eta alkohol asko. Nork ez luke Hong Sangsooren film bat identifikatuko? Erritmo nekaezinean, urtero bi pelikula sortzera ere iristen den zinemagile hegokorearrak Walk Up aurkeztu du Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean, bere estilo puru eta minimalistaren azken erakustaldia. Eta erakustaldia diot, ez maisulana iruditu zaidalako, bere planteamendu estetikoaren enegarren adibidea delako baizik. Berriro ere, zinema zuzendari bat izango da protagonista, eta hainbat urtez ikusi gabeko lagun bat bisitatzera joango da hiriko eraikin batera. Zorizko enkontru eta desenkontruak, elkarrizketa luze eta sakontasun handirik gabekoak, umore ukituak, eta noizbehinka, gitarra melodia soil bat. Betiko Sangsoo.

Pelikulaz pelikula, are garbiagoa, hutsagoa, da hegokorearraren zinema, eta Walk Up-en espazioetara ere eramango du proposamena. Etxe bat, hiru solairukoa, guztiz zuria, pertsonaiak gora eta behera, baina batez ere, ardo zuriari zurrutean. Koadroa, nola ez, zuri-beltza. Irudiaren garrantzia azpimarratuko du, hitzen esanaren gainetik: “Irudiak garrantzitsuak dira, hitzek baino gehiago transmititzen dute. Saiatzen naiz une jakin bat harrapatzen, horri heltzen, non irudiek asko transmitituko duten”. 

“Nik ez dut idazten hau edo beste esateko. Aldiz, idazketa prozesuan pertsonaiekin ondo jotzen badu istorioak, hori filmatu nahi dut, besterik ez”, onartu du Sangsook, eta haren ildoa bat dator gidoiak idazterako orduan duen jokamoldearekin ere. Urte luzez aktore izan duen (eta Walk Up-en ekoizle ere baden) Kim Min Hee interpreteak azaldu bezala, “ez dugu gidoia goizera arte jasotzen. Egunetik egunera bizi dugu istorioa”. Errebeltzat zuen bere burua hegokorearrak zinema egiten hasi zenean, nolabait, modernitate zinematografikoaren aurpegi bilakatu zen. Haren intimitateari ahotsa emateko pelikulak sortu izan ditu, kutsu pertsonala dutenak, nahiz eta berak argitu ez direla guztiz autobiografikoak. Batera edo bestera izan, nabari da Sangsook baduela zer esateko beharra, bere bizitzarekin zintzo agertzearena. Sortzailearen filmak bat-bateko sentimendu iheskorrekin daude lotuta, eta haren lan-moldea da jardunbidearen lekuko.