a woman-zinea

Zuzendaria: Wang Chao

Urtea: 2022

Herrialdea: Txina

Saila: SAIL OFIZIALA

XX. mendeko 60ko hamarkadaren amaieratik 80ko hamarkadaren hasierara arte bizitakoak kontatuko ditu Zhang Xiu Zhen idazleak Dream eleberri autobiografikoan -emakume langile arrunt batek dituen lan-baldintzak, bi senarrekin izandako gorabeherak eta pairatutako tratu-txarrak, eta idazle bihurtu arteko aldia-, eta protagonistarekin guztiz identifikatuta sentituz, Wang Chao zinemagileak pantaila handira ekarri du haren egokitzapena: “Liburua irakurri nuenean nire gurasoak ekarri zizkidan gogora, langile familia batetik nator ni ere. Egilearen garaikidea naiz, gainera, eta emozioen ikuspegitik nire burua islatuta ikusi nuen”.

Emoziotik baina, nekez izango du filmak. Aurrenekoz aldendu da Chao egunerokotik, eta Txina maoistan girotua aurkeztu digu bere lan berriena. Iraultza kulturala eta bere irekiera prozesuaren kronika xumea egitea izan du helburu, eta eleberrian bezala, baina sarri gertatu ohi den bezala, hitzak ikus-entzunezko lengoaia bilakatzeak badu arrisku bat. Denboran zehar luzatzen diren istorioa izanik, ezinbesteak elipsek kateatuko dituzte protagonistaren bizitzako pasarteak, baina loturak hotzak dira, kontaketak saltoka egingo du aurrera, modu traketsean, partxez jositako oihal amaigabe bat balitz bezala. 

Guztiz laua da zinemagile txinatarraren planteamendu formala, desordenatua eta handinahirik gabekoa. Hartutako erabaki estetikoek ez dute irtenbiderik aurkituko, ezta musikan ere. Auld Lang Syne kanta famatuari berari ere duen indarra ukatuko zaio. Filmaren bukaera aldean entzungo du, baina Di jiu tian chang / So Long, My Son (Wang Xiaoshuai, 2019) lanean ereserki irlandarrak ikus-entzuleon begiak blai bustitzeko gaitasuna eta ahalmena bazuen, negar malkorik ez dugu isuriko hemen. Hura bezala, hamarkadaz hamarka luzatuko da Chaoren pelikula, eta nolabait imintzio egin badiezaioke ere, ezingo dugu Zhang Yimouren Huo Zhe / To Live maisulana burutik kendu. “Badira alderdi batzuk berdinak direnak. Zinemagile txinatarren bosgarren belaunaldikoa da Yimou, ni aldiz, seigarrenekoa, eta historiarekin dugun harremana ezberdina da”, azaldu du filma aurkeztu osteko prentsaurrekoan. Beharbada horixe da duen arazoa, bizi-emoziotik baino kanpo begirada lausotik heldutako filma dela Kong Xiu/A Woman.