Karpeta urdinetan sailkatuta daude tortura kasuak. Milaka izan dira Euskal Herrian azken 50 urteotan, eta Ander Iriarte zinegileak ere bere aitak halakoak pasa zituela pentsatu zuen une batez. Bada, hark idatzitako biografia berriro irakurri eta zuzenean galdetu zion Joxe Iriarte ‘Bikila’ aitari.

“Torturaren fenomenoa ikertzen eta ulertzen” eman ditu urte batzuk. Paco Etxeberriak zuzendutako ekipoarekin bildu, forentse, mediku, psikologo, antropologo eta abarrek osaturiko torturaren azterketa zientifikoagoetan sakondu, eta hori guztia pantailara ekartzen saiatu da. Eta baita ekarri ere.

Zinemaldiaren ZINEMIRA atalean aurkeztu du lan horren emaitza den film dokumentala. Ordezkaritza sozial eta politiko zabala batu zen bertara. Espainiako Gobernu ordezkaria den Denis Itxasotik hasi, eta Nafarroako Torturaren sareraino, tartean EH Bilduko parlamentariak, Egiari Zor fundazioko kideak edota giza eskubideen alde lanean ibilitako jende anitz. Gastibeltza filmak eta Kanalduderen laguntza soilarekin, Hegoaldean eskuratu ez duen laguntza eta sostengua eskuratu du Ipar Euskal Herrian eta Akitanian. Behin konfiantza irabazita, filma herriz herri proiektatzea da orain zuzendariaren asmoa.

Harekin elkartu gara Zinemaldiaren abaroan, eta filmari eta torturaren fenomenoari buruzko hainbat gogoeta eskaini dizkigu.