Jonás Trueba zinemagile madrildarrak zuzendutako lana goraipatzeaz gain, Icíar Bollainen Maixabel-ek aipamen berezia jaso du.

film comission saria-zinea

San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission erakundeak babestutako sari-banaketaren XI. edizioa ospatu berri da gaur, 70. Donostia Zinemaldiaren baitan. Maialen Beloki, Zinemaldiaren zuzendariordea, Meritxell Colell zuzendaria eta Eneko Sagardoy aktorea izan dira ekitaldiko epaimahaikideak, eta beraien ahotan ezagutu ditugu irabazleak: Jonás Trueba zinemagile madrildarrak zuzendutako Quién lo impide ez-fikziozko lana izan da garaile, eta 7.000 euroko saria jaso du filmaren ekoizleak.

“Madrilen filmatua, erretratu kolektibo bat da, beharrezkoa, eta gazteei buruzko beste ikuspegi bat ematen du, gazteek beren buruaz, axola zaienaz, nahi dutenaz eta behar dutenaz hitz egin dezaten utzita”, adierazi du epaimahaiak. Bestalde, Icíar Bollainen Maixabel ikus-entzunezkoari aipamen berezia egin diote, eta ekoizleek 3.000 euroko ko ordainsaria jaso dute.

Hiriak agertoki

Donostiako Udalak sustatzen du saria, Ekonomia Garapeneko Zinegotzigoaren eta Donostiako Sustapenaren bitartez, baita Gipuzkoako Foru Aldundiak ere, Kultura Departamentuaren bitartezEszenatoki bihurtzen diren hirietako filmaketekin negozio- eta enplegu-aukerak sortzen dituzte ikus-entzunezko ekoizpenek, eta lan hori saritzea du helburu Donostia-Gipuzkoa Film Commission sariak.

2021ko urriaren 1etik aurrera estreinatu diren eta nazio mailan produkzioaren zati bat gutxienez garatu duten fikziozko film luzeak galdegin dituzte hamaikagarren edizioa izango den honetara. Proiektu andanak erantzun zioten deiari, eta horietatik bostek igaro dute hautagaitzaren langa. Errekonozimendua izan duten bi proiektuez gain, Alcarrás (Carla Simón), Cico lobitos (Alauda Ruiz de Azua) eta Seis Dies Corrents (Neus Ballús) izan dira hautagaiak.