the_wonder-zinea

Zuzendaria: Sebastian Lelio

Urtea: 2022

Herrialdea: Erresuma Batua – Irlanda

Saila: SAIL OFIZIALA

Emma Donoghuek idatzitako izen bereko eleberrian oinarrituta dago Sebastian Leliok Urrezko Maskorraren lehian aurkeztutako The Wonder filma. Netflix etxeak ekoiztutako lana da, eta bi emakume ditu gidari: Lib Wright erizaina (Florence Pugh) eta Anna O ‘Donnel (Kila Lord Cassidy), jateari utzi dion hamaika urteko neska. 2017an, Zinemaldiko Sebastiane Latino Saria (eta ingelesaz besteko nazioarteko lan onenaren Oscar-a) irabazi zuen La Mujer Fantástica filmeko protagonistarekin egin bezala, “gizartearen indar ezberdinen aurka borrokan ari diren gorputzak” erakutsiko ditu txiletarrak, hala ere, erregistroz aldatu eta beste bide bati helduko dio oraingoan.

Neskatoaren eta erizainaren arteko harremana dago filmaren erdigunean, elkar salbatzeko beharra duten bi emakume dira, bizitza ulertzeko bi modu ezberdinen errepresentazioak. Barealdian dagoen Annak nola bizirauten duen argitzen tematuta dago Emma, bere praktika iruzurra dela erakustera; aldiz, ikusmina sortuko du herrian neskatoaren misterioak, eta hainbat tokitatik mirakulua presentziatzera hurbilduko dira hainbat. Zientzia eta fedea, arrazoia eta sineskeria. Aurrez aurreko talka bortitza planteatuko du zinemagileak gaur egungo gizartearen alegoria ekarriz. Bakoitzak bere egia aldarrikatuko du hasiera batean.

Fanatismoa ari da Lelio salatzen, eta aldiz, edozein posizio zurrunaren aurrean, malgutasuna aldarrikatzen. Fanatismo orok, mito, errelato edota istorio itxura hartuz, “min bat” ezkutatzen duela ohartaraziko digu. Emmak ez du praxia erabiliz misterioa argituko, nahiz eta probak izan. Hain zuzen ere, arrazoiak eramango du ulertzera neskatoak duen barne-mina, eta irtenbide gisara, haurraren erreinura/iruditegira pasako da. Hala soilik lortuko du hura, eta propio bera, salbatzea.

Jardunbide horretan, sortzaile txiletarrak, errelato-sineskeria-fikziora zuzenean barneratuko gaitu, harro, bidea erakutsiz. Filma bera diskurtsoaren parte eginez, errodaje-set batean hasi eta bukatuko da, kameraren mugimendu zirkularrari esker 1862ko Irlandara joan-etorriko bidaia eginez. Nolabait, Jean Renoir maisuak bere film gehienetan, baina batez ere, Le Carrosse d’or-n (1953) antzerki agertoki batekin egin bezala. “Bizitza antzerkia da, eta gu bertako antzezleak”, defendatzen zuen frantziarrak. Leliok, oso antzeko zerbait esango digu: “Istoriorik gabe ez gara ezer”. Gizakiok mitoak sortzeko beharra dugula, alegia, bizirauteko.