Eragileek azken hamabi hilabeteotan egindako lanari esker, sexu-jazarpena prebenitzeko eta nola jokatu zehazteko protokoloa landu dute. Gainera, soinuaren lanbide-kategoria txertatzea ere lortu dute.

sexu-jazarpena-protokoloa-zinea

2021eko edizioan adostu zuten Donostia Zinemaldiak, GTI Ikus-entzunezkoen 50/50 Berdintasunerako Lurralde arteko 2025erako Lantaldeak eta CIMA Zinemako eta Ikus-entzunezko Hedabideetako Emakumeen Elkarteko kideek genero-berdintasuna bermatzeko lankidetza akordioa, eta festibalaren baitan, lehen lan-jardunaldia antolatu zuten. Besteak beste, elkarrizketa etengabea eta loteslea ezartzea, berdintasuna, aniztasunaren inklusioa eta beste hainbat gai izan zituzten hizpide, elkarrekintza sustatu asmoz.

Urtebete pasata, prentsa-ohar bidez azaldu dutenez, “hainbat emaitza positibo” izan dituzte. Hala nola, sexu-jazarpena eta sexuagatiko jazarpena prebenitzeko eta horien aurrean jokatzeko protokolo bat landu dute. Zinemaldiaren testuinguruan horrelako egoerak gertatuz gero, prozedura argi bat ezartze aldera. Gainera, generoen araberako parte-hartzearen txostenean soinuaren lanbide-kategoria txertatzea ere lortu dute. Zuzendaritza, ekoizpen, gidoi, argazki, musika eta muntaketako lanbideetan Zinemaldian hautatutako filmetan genero bakoitzak duen partaidetza aztertzen duen txostena argitaratu zuten 2019an aurrenekoz, eta urtez urte kategoriak gehitzen dabiltza, zinema-industriaren errealitatea ahalik eta modurik zehatz eta xehakatuenean deskribatzeko.

70. edizioa bukatuta, jakinarazi dute generoaren araberako parte-hartzeari buruzko aurtengo datuak “zehatz-mehatz” azalduko dituztela urtearen amaieran argitaratuko den genero-identifikazioari buruzko txostenean.  Festibalak adierazi du, programazioari soilik erreparatuta, genero-berdintasunean aurrera egiteko duen asmo sendoa honako hauetan nabarmentzen dela: mahai-inguruak, eskola magistralak, sari ofizialen epaimahaien osaera, New Directors Saila –zinemagileen lehen eta bigarren obrei buruzkoa–. Alabaina, hori ez da islatzen Sail Ofizialean, hainbat faktoreren eraginez, eta Zinemaldiak bere kezka helarazi nahi die erakundeei eta industriei, zaila baita ekitatearen alde lan egiten jarraitzea horien parte-hartzerik gabe.

Hitzarmenaren eragileak

Genero-berdintasunaren inguruko lehen lan-jardunaldia 69. edizioan egin zen. Bertan, Donostia Zinemaldiko zenbait ordezkarik parte hartu zuten, hauek osatzen dituzten kolektiboekin batera: 50/50 Berdintasunerako Lurralde arteko 2025erako Lantaldea; AAMMA (Ikus-entzunezkoetan diharduten emakumeen Andaluziako Elkartea); AMMA (Ikus-entzunezkoetan diharduten emakumeen Murtziako Elkartea); DONA I CINEMA (Associació de dones del País Valencià); DONES VISUALS (Associació Promotora de Dones Cineastes i de Mitjans Audiovisuals de Catalunya)– eta CIMA Zinemako eta Ikus-entzunezko Hedabideetako Emakumeen Elkartea.