Zuzendaria: Maria Elorza Deias

Urtea: 2022

Herrialdea: Euskal Herria

Saila:  ZUZENDARI BERRIAK

Emakume bati Avioneta (hegazkin txiki) izena jarri nahi izan zioten. Beste batek liburutegi bat izan zuen bere kotxeko atzeko eserlekuan. Beste batek etxeko liburutegiko apal errebeldeen ondorioz hatz bat hautsi zuen. Zigarrogileek disertazioak entzuten dituzte lanean. Plantxagileek poemak gogoratzen dituzte. Horiei guztiei kantatzen diet. Suaren, uraren, sitsaren, hautsaren, ezjakintasunaren eta fanatismoaren aurka, emakume-armada anonimo batek liburuak zaintzen ditu. Erresistentzia intimoa da, epikarik gabekoa, iraultzarik gabekoa, armarik gabekoa.

Emakume-armada liluragarri horretara hurbilduko gaitu Maria Elorzaren begirada jostari eta esperimentalak. Arlo intimo eta etxekoienetik, ingurukoa kontatuz eta ingurukoekin kontatuz, literaturaren balioa goratzen du zinemagileak; literatura zorionaren iturri gisara, tresna askatzaile gisara. Literatura indar iraultzaile eta unibertsal gisara.

Bizipen erreal batzuetara gerturatuko gaituen collagea da A LOS LIBROS Y LAS MUJERES CANTO. Protagonistaren amari gertatutako pasarte batetik abiatuta, Elorza beraren narrazioa joango da pentsamenduak irudi zaparrada eder batekin lotzen. Zinema klasikoaren irudi mitikoak, artxibo umezurtzak eta bere filmazioak nahastuta, ama bat, alaba bat eta baita hiru lagun liluragarri ere -Loreto, Vick eta Val-.

Literaturara hurbiltzeko bide bat egin du bakoitzak, militantzia politikoa, antzerkia, memoria, baina guztiek gorpuzten dute erresistentzia bat. Sentsibilitate baten alde kantatu eta kontatzen dute guztiek, hain zuzen, beren sentsibilitate propiotik abiatuta. Eta esperientzia ederra da errelato horietan murgiltzea.

Aurretik errodatu dituen film laburren ildo esperimental eta narratibo berezian sakonduz, urrats bat gehiago eman eta 72 minutuko goxokia eskaintzen digu Elorzak. Ikusteko atsegina, iradokitzailea, freskoa eta hausnarketarako ederra. Izan ere, literaturarekin ematen den fenomeno bera gertatzen da zinemarekin ere: kontakizunaren samurtasunak, egiak eta pasioak pantaila zeharkatzen duenean, magia gertatzen da.