Motmo.pro proiektuak irabazi du Espainiako proiektu onenaren saria, eta Mine S, izan da startup europar onena. 10.000 euro jaso dituzte bi proiektutako ordezkariek.

Zinemaldia Startup Challenge sariak-zinea

Laugarrenez burutu dute aurten Zinemaldia Startup Challenge ekimena, eta hamar proiektu teknologikok parte hartu dute. Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (PRTR) parte da ekimena, Espainiak Europako ikus-entzunezkoen hub gisa duen rola indartzeko pentsatutakoa, eta Kultura eta Kirol Ministerioak sustatzen du ICAA institutuaren eta Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioaren bidez.

Espainiako startupentzako atal espezifikoa aurrenekoz izan da lehiakorra, eta bost proiektu erakutsi dituzte nazioarteko inbertitzaile eta talentu-ordezkari garrantzitsuak bildu dituen ‘Spanish Screenings: Financing & Tech’ jardueraren baitan.  Motmo.pro izan da garaile, Bruno de Zabala eta Janire Vázquez ordezkari dituen proiektua: Musika-plataforma bat da, eta bertan, artistek euren abesti onenak jotzen irakasten dute bideo tutorial interaktiboen bidez.

Bestalde, bost proposamen europarren artean onena ere zein den jakinarazi dute: Mine S, Italian sortutako artistei eta ikus-entzunezko teknikariei beren kontrolagailu pertsonalizagarria eratzeko aukera ematen dien proiektua. Riccardo Belingheri eta Massimiliano Moioli dira proiektuaren ordezkariak.

Hamar proiektuetako ordezkariek Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko BIC edo business innovation centerretako batean inkubaziogunean doan sartzeko aukera izan dute, urtebetez, eta irabazleek, gainera, 10.000 euro jaso dituzte. Horrez gain, 3.000 euro bideratu dituzte ditu pertsona edo talde ekintzaile batek aurkeztutako eta hautatutako proiektu onena saritzeko. Arlo honetan, Kino_Greentoken izan da nagusi, ikus-entzunezko industriaren ingurumen-prozesuen kudeaketan oinarritutakoa.