GEHITU – Euskal Herriko gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkarteko kideez osatutako epaimahaiak Mariano Biasin argentinarraren lehen film luzea goratzea erabaki du. Bart iluntzean ospatutako ekitaldian jaso zuen saria lan-taldeak.

GEHITUren ekimenez, homosexualen, bisexualen eta transexualen errealitatea eta balioak islatzen dituzten filmak saritzeko Sebastiane saria banatzen hasi ziren 48. Donostia Zinemaldian, 2000. urtean, eta 2013az geroztik Latinoamerikako ekoizpen onena ere nabarmentzen dute Sebastiane Latino aintzatespenarekin.

Bada, egunotan ospatzen ari den 70. Donostia Zinemaldiaren baitan ospatu du elkarteak sariketaren 10. edizioa, 2021ko irailetik aurrera estreinatutako LGTBI film latino onena nabarmentzeko. Errante corazón. Ámame (Leonardo Brzezicki), Marte um/Mars One (Gabriel Martins), Petit mal (Ruth Caudeli), Sublime (Mariano Biasin) eta Un varón (Fabián Hernandez) izan dira hautagaiak eta, horien artean, Berlinaleko Generation 14plus atalean parte hartzetik datorren Sublime ekoizpen argentinarra izan da sariduna.

Biasinek zuzendutako lehen film luzea goratzerako orduan, epaimahaiak nabarmendu du “kolektiboaren borrokak egunerokoan lortu dituen aldaketak” islatzen dituela. Gaineratu dute, “duela urte batzuk filmak amaiera erabat ezberdina” izango lukeela: “Filmak maitasunezko istorio positibo eta bisualki erakargarri bat kontatzen digu erromantizismoa, nerabezaroa, musika, beldurra eta desira elkartuta”.

Horizontes Latinos sailean lehiatzen ari da Sublime, eta 16 urteko mutil bat du protagonista: Manuel kostaldeko hiri txiki batean bizi da. Baxua jotzen du bere lagun onenekin duen musika-taldean. Lagun horietako bat Felipe da, eta oso lagun minak dira biak gazte-gaztetatik. Manuelek harreman bat du Azulekin, eta bizitasun handiz ari dira esploratzen harreman hori. Baina lehen aldiz egitear daudenean, Manuelek sentimendu zeharo berria izango du, eta Felipe bestela ikusten hasiko da. Bi adiskideon ohiko egoerak aldatzen hasiko dira. Manuelek jakin nahi du Felipek ere bulkada hori sentitzen ote duen. Erronka bi mutikoen adiskidetasuna arriskuan ez jartzea da, baina kolokan egongo da halabeharrez.