los reyes del mundo-zinea

Zuzendaria: Laura Mora

Urtea: 2022

Herrialdea: Kolonbia – Luxemburgo – Frantzia – Mexiko – Norvegia

Saila: SAIL OFIZIALA

Matar a Jesus (2017) filmarekin Donostia Zinemaldiko New Directors sailean arrakasta ezagutu ostean, Laura Mora kolonbiarra 70. edizioko Urrezko Maskorra irabazteko hautagai sendoa bilakatu da. Los reyes del mundo aurkeztu du, esperantza izan bai, baina infernura kondenaturik dauden bost kale-mutilen istorioa. Rá, Culebro, Sere, Winny eta Nano dira protagonistak, horietako baten amonak herentzian utzitako etxola aurkitzeko asmoz bizimodu duin baten bila abiatuko direnak.

Medellinen hasi eta oihan basatian bukatuko da atzera bueltarik gabeko bidaia, ametsen lurraldea izan behar lukeena, amesgaizto bilakatuko da. Hirigunea atzean utzi, eta baso itoan sartzearekin batera, pertsonaien bizitasuna eta paisaia degradatzen joango dira, herrialde oso baten (baina baita Latinoamerikaren beraren) utzikeria sozio-politikoari, eta batez ere, belaunaldiz belaunaldi pairatu duten indarkeria kronikoari erreferentzia eginez. 

Bere opera prima baino askeagoa da, formalki, Los reyes del mundo. Modu poetikoan, krudeltasuna erakusteari uko egin gabe, eta lirismo bisuala bidaide, errealismo magikotik oso hurbil kokatuko da filmaren planteamendu estetikoa. Pertsonaien ametsei, irudipenari eta ihesbideko fantasiazko pasarte sotilei arreta jarriko die Morak, pultsu narratiboa sekula galdu gabe. Kamera kalekumeen aurpegietatik aldiro aldenduz, kontaketaren denbora noiz gelditu, horixe errealizadorearen lorpen handiena. Arnasguneak badirudite ere, kontrara, datorrenaren sintoma dira.

Ezinbestean, Luis Buñuelen Los olvidados (1960) filmeko gaztetxoak datozkigu burua, etengabe marjinatuko dituen giro bortitz eta krudela partekatuko baitute, ustelduta dagoen sistemaren biktima izanik. Mexikarrak bezala, gizaki ororen baitan dagoen piztia izaera azaleraziko du bere pertsonaietan, bizirauten asmatzera derrigortuta daudenen azken dantzaldi asinkronikoa erregutuz.