carvao-kritika-zinea

Zuzendaria: Carolina Markowicz

Urtea: 2022

Herrialdea: Brasil-Argentina

Saila: HORIZONTES LATINOS

Charcoal-ek tentsio desberdinen inguruan eraiki nahi du bere izaera, eta oreka anitz hauei eustea ez da erronka makala izango. Aspektu batzuetan garaile aterako da, besteetan ez horrenbeste. Zinemaldira  Torontoko jaialditik iritsi den pelikulak familia bateko bizimodua du ardatz, Sao Paulo kanpoaldeko zonalde txiroan bizi dena. Ume txikia gurasoekin eta amaren aitarekin bizi da, nahiz eta azken hau oso ahul dagoen, ia egoera begetatiboan. Hala, agurearen zaintza egiten duen erizainaren proposamenari erantzunez eta baliabide eskasiari aurre egin nahian, ihesean dagoen mafiako kapoa artatuko dute etxean.

Filmaren arazoetako bat da sinesgarritasun hutsune nabarmenak azaltzen dituela bere lehenengo gidoi-biraketatik bertatik, eta sendiak hartzen duen erabakia (argituko ez duguna), bisualki eraginkorra bada ere, ez du sinesgarritasun gehiegirik izango. Joera hau etengabe errepikatuko da, eta gidoi-biraketa bakoitza harrigarri eta gustagarria izango bada ere, efektu kolpe hutsa izango da, berez eduki dramatiko gehiegi gabekoa. Hala, pelikula efektista samarra denaren sentsazioa geratuko zaigu, nolabait Coen anaien estiloaren oihartzuna harrapatu nahiko balitz bezala (umore beltza etengabe erabiltzen baita), nahiz eta maisu estatubatuarren elkarrizketak edo egoeren planteamendu mailaren oinarriak falta diren. 

Edonola, badira aspektu interesgarriak, eta pertsonaiak era egokian (eta dibertigarrian) perfilatuta daude. Etxeko bikoteak desira eta frustazioaren inguruko bilakaera adierazkorra egingo du, batez ere emakumearen bizipenek gure samurtasuna piztuko dute. Eta kapoaren agerpenak eta bizikidetzan sortuko diren arazoek bost pertsonaien artean sortzen diren elkarrenganako hariak dinamiko eta interesgarri bilakatuko dituzte (egoeraren demiurgo den erizaina enigmatiko hori ere barnean sartuta). 

Genero nahasketa anitza duen filma da Charcoal, dramaren, zinema kostunbristaren, komediaren eta zine beltzaren artean ezarriko dena, nolabait definizio gabeko ur galduetan sartuz. Baina beste guztien gainetik, umearen pertsonaia geratuko zaigu, pelikularen bihotza eta gertakari guztien epaia izango da bere begiradak jasotzen duena. Bortizkeria basatiaren, lege moral eta erlijiosoen urratzeen aurrean, ipar-orratz bilakatuko da inozentzia apurka galduz joango den mutil koxkorra. Eta hala, ezustean, kutsu humanistaren zirrikitua irekiko digu pelikulak bere azken pasarteetan.