Bi arnas-kritika

Zuzendaria: Jon Mikel Fernandez Elorz

Urtea: 2022

Herrialdea: Euskal Herria

Saila: ZINEMIRA

Herritarren ekarmenez finantzatuta, eta Borda Gorri Produkzioak ekoiztetxearen babespean, diru-bilketa deialdia egin, eta 400 pertsona baino gehiagoren ekarpenari esker jaio da Bi arnas. Maiatzean, Irungo Amaia Kultur Etxean ikusi zuen lehenengoz dokumentalak argia, eta ordutik, herriz herri erakutsi dute, Donostia Zinemaldiko Zinemira sailera iritsi den arte.

Itsaso zabal eta bortitzean arraunean dabiltzan bi ontzi lerratzea lortu dute Jon Mikel Fernández Elorzek eta Imanol ‘Kima’ Arzuagak, ordubete eskas irauten duen dokumentalaren sustatzaileek: Iratxe Sorzabal alaba eta Maria Nieves Diaz ama. Aurrez aurre ez dira elkartuko, ordea,  lehena espetxean dagoelako, etxetik urrun; bigarrena, aldiz, hura noiz ekarriko duten zain, Kantauri Itsasoko haitz eta labarreta. Hala, 2001ean, torturatua izan ostean, Iratxek ziegan bertan eman zuen elkarrizketaren irudi eta lekukotza gordinek egingo diote Maria Nievesi erreplika, eta Eneritz Furyaken gitarra-melodia eklektikoak barreiatuko ditu bataren eta bestearen esanak.

Kamerari hizketan, Nekane Txapartegi asteasuarra ere ariko da, berak ere baitauka gaiaz zeresana: “Ezezagunei jasandakoa kontatzea errazagoa da senideekin gaiaz hitz egitea baino”. Pako Etxeberriareneta  Serge Portelliren hitzak ere entzungo ditugu. Auzi medikua eta Eusko Jaurlaritzak sustatuta Euskal Herrian izandako tortura kasuak ikertu dituen txostenaren egilea da lehena; Versaillesko Dei Auzitegiko magistratu ohi, abokatu eta torturaren kontrako ekintzailea, bigarrena. Tortura jardunbide isolatu eta bakartia ez dela argi uzten duten testigantzak dira haienak, eta Auzitegi Nazionalak onartu edo egiaztatu nahi ez baditu ere, eginak prozedura sistematiko baten ondorio direla ziurta dezaketenak.

Hala, ama-alaba batengan torturak sortzen duen zauria erditzea izan dute Fernandez Elorz eta Azuagak erronka. Bi arnasek, gainera, Zinemira sailean ere erakutsi duten hurbileko du Ander Iriarteren Karpeta Urdinak ekoizpena, biek ala biek baitituzte tratuok abiapuntu. Euskal Herrian itxi gabeko zauri bat, errealitate bat, badela erakusteko asmoz sortutako bi proiektu dira, festibal donostiarraren erakusleihoak duen indarra aprobetxatuz etxetik kanpo ere oihartzuna izan dezaketenak.