David Cronenberg zinemagile kanadarrak Donostia Zinemaldiaren 70. edizioko bigarren Donostia Saria jaso du bart, Victoria Eugenia Antzokian egindako galan. Gaspar Noé zuzendari frantziarrak eman dio saria eta ondoren, Crimes of the Future proiektatu da, Cannesko azken zinema-jaialdian lehiatu zen Cronenbergen film berria.

“Nire bizitzako uneren batean pentsatu nuen ibilbide osoarengatik sari bat jasotzea filmak egiteari uzteko mezu bat zela, eta honako hau esan nahi zuela: ‘Nahikoa da, utzi filmak egiteari”. Baina denborarekin ulertu dut hori ez dela horrela, batez ere honelako sari bat jasotzen ari naizelako, halako historia duen zinema-jaialdian eta hain polita den hirian jasotzen dudalako. Filmak egiten jarraitzeko bizigarri gisa jaso dut Donostia Saria”, aipatu du, nabarmen hunkituta.

“Maiz pentsatu dut artea krimena dela, arauarekiko subertsiboa delako eta gure giza izaeraren alderdi zailak, bortitzak, subertsiboak eta ezegonkorrak jorratzen dituelako. Zentzu batean, arteak zerbitzu bat ematen dio zibilizazioari, ulertu ahal izateko, lurrean gizarte zibil bat izaten jarraitzeko beharrezkoak diren gauza horiei adierazpide bat ematen dielako. Uste dut orain ere, inoiz baino gehiago beharrezkoa dela artearen krimena, batez ere azken urteotan gertatu diren gertakariak direla eta. Horregatik, honako hau esango nuke: Gora zinema kriminala!”, aldarrikatu du.

Gaspar Noé zuzendari frantziarrak eman dio saria, eta Ozeko Azti moduko batekin alderatu du Cronenberg. Zinemagileak nabarmendu du kideak “gaztetatik modu pertsonal eta bakarra” sortu zuela “zinemaren esentzia hipnotikoari” heltzeko eta gai eta trikimailu berriak sortu zituela, aldi berean biologo baten, zirujau baten eta psikiatra baten bilaketa ziruditenak. “Bere film guztiekin gure existentzia birpentsatzeko aukera eman digu, ezohiko ikuspegi aztoragarri eta heldu baten bitartez”, adierazi du.

2020an Viggo Mortensenek Donostia Saria jaso eta Falling zuzendari gisa egindako hasierako filma aurkeztu zuen. Film hartan paper bat antzezten zuen Cronenbergek galan proiektatutako bideo baten bidez zorionak bidali zizkion eta bart, aldiz, Mortensenek zorion mezua itzuli dio: “Zorionak Donostia Zinemaldiak merezi duzun aintzatespena egin dizulako. Mito bizia zara nola zinemagileentzat hala zinemazaleentzat. Benetako ohorea eta pribilegioa izan da niretzat zurekin lan egitea eta zugandik hainbeste ikastea urte hauetan zehar. Zorionak, lagun maitea. Espero dut egun zoriontsuak izatea Donostia ederrean. Maite zaitut, David”, adierazi du aktore eta zuzendariak, hitzartzearen azken hitzak euskara txukunean botaz.

Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak gidatu du ekitaldia, zeina  Crimes of the Future, Cannesko azken zinema-jaialdian lehiatu zen Cronenbergen film berria, lanaren proiekzioarekin amaitu den.