Atzo, irailak 21, iragarri zuen erakundeak Donostia Zinemaldian aurkeztutako filmen artean urtero banatzen duen Lurra sariaren aurtengo irabazlea. Carla Simon zinemagile kataluniarrak zuzendutako lana izan da hartzailea, eta Cecilia Suárez mexikarraren eskutik jaso zuen María Zamora ekoizleak aintzatespena.
2015az geroztik, ingurumenaren eta bakearen balioak zein erakundearen nortasuna hoberen islatzen dituen Donostia Zinemaldiko proposamenari egiten dio aitortza Greenpeace erakundeak. Aurtengo epaimahaia Álvaro Longoria ekoizleak, Nando Salvá kazetariak, Cecilia Suarez aktoreak eta Cristina Castro Greenpeace erakundearen estrategia eta marka arduradunak osatu dute.
Elena Lopez Rierak zuzendutako El agua eta Rocio Mesak sortutako Secaderos lanekin lehiatu da Alcarràs, eta epaimahaiak azken honen alde egin du: “‘Dilmak elikagaien banaketa sektoreak negozio txiki eta familiarrak nola baztertzen dituen erakusten du”, adierazi dute epaimahaikideek errekonozimendua ebazterako orduan. Suarezen eskutik jaso du Maria Zamora ekoizleak saria. Ekitaldia Kursaal eraikinean egin zuten, atzo.
Landa-herri txiki baten duintasuna
Aitonak hitz egiteari utzi dio, baina Solé familia zabaleko inork ez du zergatia ulertzen. Urtero uda sasoian egin ohi duten bezala, Alcarràsen, Kataluniako landa-herri txiki batean, bilduko dira mertxikondo-saila landatu eta hazteko. Laurogei urtez lur bera lantzen aritu ondoren, azken uzta lanak egiteko elkartuko da familia osoa.
Zinemagile kataluniarraren bigarren film luzea Berlingo Zinema Jaialdian nagusitu da aurten, Urrezko Hartza irabaziz.