Nazioarteko 13 lanek osatuko dute NEST Zinema Ikasleen Film Laburren Topaketaren 21. edizioko sorta, eta aurten, aurrenekoz, euskarazko bi film labur izango dira lehian. Mikele Landa Eiguren sortzaile bizkaitarraren Noizko basoa da horietako bat, Elias Querejeta Zinema Eskolako ikasle izan bitartean gauzatutakoa. Harriduraz hartu du albistea, eta bere lana bertan erakutsiko dutelako pozik bada ere, tristura ere aipatu du, “zerbaiten sintoma” ere badelako.

Eskolan sartzearekin batera bere herrian baso bat landatzearen ekimena jarri zuten martxan, eta burutu beharreko proiektuaren ardatz bilakatzea erabaki zuen. Emaitza, gaur izango dugu aurrenekoz ikusgai, Donostia Zinemaldiaren baitan. 16mm-ko kamera txiki batekin errodatu du bizkaitar gazteak Noizko Basoa, eta horien osagarri den soinu-atmosfera eraikitzerako orduan Xanti Xalvador soinu-teknikaria izan du lagun. “Saiatu naiz soinuari irudiari bezain besteko garrantzia ematen”.

Baso bat berriz hasten da. Herri batek inoiz ikusi ez zuen paisaia bat gogoratzen du. Lur lehorra astintzen duten eskuak, aitzurrak eta botak, Ullan noizbait bizi ziren zuhaitzak azalera ateratzeko. Hemen sortzen da ibaia etengabe, eta jada ahantzitako hizkuntza bat xuxurlatzen du. Baso bihurtzen denean, nor biziko da leku honetan? Baso bat landatu al daiteke? Inork ahoskatuko al du bere izena? Non hasten da herri bat?

Galdera horiei guztiei erantzuna ematen saiatu da Mikele Landa Eiguren Noizko basoa film laburrean, eta bere proiektuaren sortze-prozesua lehen eskutik ezagutzeko berarekin elkartu gara.