Mariona Borrull, Elisa McCausland, Blanca Martínez eta Júlia Olmo zinema kritikariek idazkera eta pentsamendu zinematografiko berriak izan dituzte hizketagai Prentsa Klubean bertan. Donostia Zinemaldiak leiho txiki bat ireki du, azken urteotan egin bezala, hausnarketa sustatzeko, kasu honetan, jardunbideak dituen erronkei nola heldu eztabaidatzeko.

Kritikari gazteen ikuspegitik hedabide digitaletan egiten den kritika-lana, lanbidean belaunaldi guztiak elkarrekin bizi diren modua, prekarietatearekin, parekotasunarekin, genero-ikuspegiarekin eta hizkuntza inklusiboaren arloan egiten den lanarekin lotutako gogoetak partekatu dituzte.

Kritika zinematografikoa mahai-ingurua-zinea

Zinema-kritikak norbaitek irakurtzen al ditu, gaur egun? Galdera potolo batekin piztu du sua Desirée de Fez moderatzaileak, eta laster batean iritsi dira erantzunak. Jarraian, mahai-inguruan jasotako adierazpen-bilduma:

Elisa McCausland: “Irakur diezaguten idazten dugu, ala guk pentsatzen dugunarekin dago praktika lotuta? Kritikari batek egin dezakeen gauza onena ‘barne-egia’ abiapuntu izatea da”.

Blanca Martinez: “Mugiarazten gaituen horrek bultzatzen gaitu idaztera, gure ideiak partekatze nahi horrek, baina jaialdietan ez dago denborarik zentzuz idazteko, eta askotan hilabeteak pasa behar dira benetan pelikula bati etekina ateratzeko, lasaitasunez pentsatu eta ideiak garatzeko. Badirudi gaur egun galdu egin dela bokazioa, baina nolabait, eskerrak eman behar dizkiogu Zinemaldiari, hausnarketarako bidea atea ireki digulako. Orain dela urte gutxi arte ezinezkoa litzateke”.

Mariona Borrull: “Ordu erdi dugu ikusitakoaz idazteko, eta ez da nahikoa. Esateko duzun horri beharrezko denbora eskaintzea erresistentzia ariketa bilakatu da. Oso azaleko ideiak soilik plazara ditzakegu, ez baitago denborarik pelikula bat sakon aztertzeko. Susmoa daukat azkar idazte horren eraginez, sarri, norberaren topikoetan ere erortzen garela ”.

Julia Olmo: “Norbaitek irakurriko digun baino, festibaletan idatzitako kritikek zerbaitetarako balio duten litzateke galdera aproposa.”

Blanca Martinez: “Festibalen egiturez eta eraketaz hitz egin behar luke ere kritikak. Kondenatuta gaude Sail Ofizialaren jarraipena egitera, baina jaialdi batek beste hainbat ditu barnean. Bide ezberdinak esploratzeko aukerarik ez dute eskaintzen egitarauek, eta oso lotuta gaude. Ederra litzateke bestela izango balitz”.

Julia Olmo: “Sare sozialek eragin dute kritika egiteko bide berriak agertu izana, batez ere jaialdietan. Podcastak nagusi dira orain. Formatu berriek kritika eredu berriak sortu dituzte, baina horren atzean bada ezkutatzen den gai bat: prekarietatearena. Kritika zinematografikoa nola eboluzionatzen ari den aztertu baino, prekarietateak nola eragin digun izan beharko litzateke hausnartu beharrekoa, bai guri, baita kazetaritza kulturalari ere”.

Elisa McCausland: “Pelikulek eskaintzen dizkiguten irudietatik oinarritu behar gara. Gaiak beti dira berdinak, baina benetan, balio duena, horien forma da. 10 film ikusi ditut Zinemaldian gai bera tratatzen dutenak, baina bakarrak merezi izan du egiatan arreta”.