Zuzendaria: Izaskun Arandia
Urtea: 2022
Herrialdea: Euskal Herria
Saila: ZINEMIRA
Gai sozialak ardatz dituzten ikus-entzunezkoen bultzatzaile nekaezina dugu Izaskun Arandia. IZAR Films ekoiztetxea 2011n sortu zuenetik, giza-eskubide, feminismo eta justizia alorretan egindako ekarpenak erreferente bilakatu du ekoizle eta gidoilari tolosarra euskal zinemagintzan. Urte biziki garrantzitsua izan zuen 2020a, bat ez, zeresan handia eman duten hiru ekoizpenetan parte hartu baitzuen: Mi pequeño gran samurai (Arantza Ibarra), Bi urte lau hilabete eta egun bat (Lander Garro) eta Non dago Mikel? (Miguel Angel Llamas, Amaia Merino). Aurten, olatua aprobetxatu asmoz, une ezin aproposagoan iritsi da My Way Out, berak propio zuzendutako lehen film luzea.
Londresko The Way Out trans klubera egingo dugu bidaia, eta dantzalekuaren 30 urteko ibilbidea eta garrantzia ezagutuko ditugu, Vicky Lee jabea, bertako bezeroak zein artistak bidaide izanik. Hala, tolosarraren dokumentalak badu Iban del Campok New Yorkeko underground giroari buruz sortutako trilogiaren oihartzunik —Dirty Martini (2009), Tigger! (2016) eta Glittering Misfits (2019)—. Beraien show eta performance-ak pantailaratuz lortu zuen zinemagile arrasatearrak burlesquea lanbide duten artisten bizimodua eta oihua erretratatzea, eta Arandiak bestelako bide bat hartuko badu ere, klubeko kideen testigantzei lehentasuna emanez, musika eta dantza ez dira sekula faltako.
Proiektu txikia izanik ere, helburu argia du My Way Out-ek: komunitate eta kolektibo oso baten kezka bistaratzea, jasandakoak salatuz, eta errespetua eskatuz. Dantzalekua noizbait baztertuak, jipoituak edota epaituak izan direnen babesleku dela jakitun, Arandiak zintzotasunez helduko dio askatasunaren aldarri den dokumentalari.