laconsagraciondelaprimavera-kritika-zinea

Zuzendaria: Fernando Franco

Urtea: 2022

Herrialdea: Euskal Herria – Espainia

Saila: SAIL OFIZIALA

Donostia Zinemaldiaren eta Fernando Franco errealizadore espainiarraren arteko hartu-emanak ez du hausturarik. Elkar maite dute, zalantza barik. 2013an errodatu zuen zuen zinemagileak La herida, bere opera prima, eta festibalak sail ofizialean lehiatzeko aukera eman zion. Ez zuen edonolako harrera izan: emakumezko aktore onena izendatu zuten Marian Álvarez, eta filmak Epaimahaiaren Sari Berezia ere jaso zuen. Morir zuzendu zuen 2017an, baina oraingoan, lehiaz kanpo programatu zuten. 70. edizioa ospatzen ari den honetan, jaialdiak Urrezko Maskorra irabazteko hautagaien zerrendan sartu du berriz Francoren lan berriena: La consagración de la primavera.

Unibertsitate-ikasketak burutzeko asmoz, Madrilera iritsi berri den Laura (Valèria Sorolla) da Francoren lan berrian protagonista, ezustean, garun-paralisia duen Davidekin (Telmo Irureta) topo egingo duena. Istorioarekiko zintzotasuna hizpide, Francok azaldu bezala, hasiera-hasieratik argi izan du benetan garun-paralisia duen aktore batek haragitu behar zuela gizonezko pertsonaia. Bilaketa-prozesuan Iruretarekin egin zuen topo. “Umore kutsua zuten pasarteak irakurri behar izan nituen, eta pertsonaia nirekin bat zetorrela jakinda, casting-era lasai hurbildu nintzen”, aitortu du Iruretak. “Pertsonaiarekin identifikatuta sentitzen naiz, halabeharrez, baina David eta ni ez gara pertsona bera, logelan denbora gutxiago pasatzen dut”, aitortu du prentsaurrekoan, irribarre zabal bat ahoan.

Gorabehera emozionalez betetako filmak egin izan ditu beti Francok, protagonisten degradazio fisiko zein psikologikoak helduleku dituela. Nortasunaren trastorno-sindromea duen emakume bati jarraituz eraiki zuen La herida, eta atzera-bueltarik ez duen gaixotasun baten ondorioz ondoa joten duen bikote baten erretratua egin zuen Morir-en. Aldiz, La consagración de la primavera-n, norbere buruaren ezagutza bidai duen emantzipazio istorio bat kontatuko digu. Gurpildun aulkira kondenatuta dagoen gaztearen gaixotasuna ulertzen saiatuko da Laura, haren sexu-beharrak asetzen laguntzeko prest ere agertuz.

“Itzalpean dauden gaiak interesatzen zaizkit. Kasu honetan, sexualitatea dut hizpide. Aurreiritziak baztertuz heldu nahi izan diot filmari”, azaldu du Francok. Familia erlijioso batetik dator neska gaztea, eta doktrina jarraituz, mojen erresidentzia batera bidaliko dute gurasoek. Kalean, baina, ordura arte ezagutu ez duen mundu bat deskubrituko du: ikasle-festak, drogak, alkohola, sexua… Hiria oihana da, bertan bizirauten ez dakienarentzat. Aldiz, Davidengan aurkituko du Laurak babesa, eta haren etxea, habi. “Gaur egun, oraindik ere, gazte askok erlijioan oinarritutako heziketa dute, eta gaia pantailara eramatea garrantzitsua iruditu zait. Badakit arazotan sar naitekeela filmarekin, baina errespetuz heldu nahi izan diot, eztabaida sustatzeko balio dezakeelakoan nago”.

Ezagutzen ez duen mundu berri baten aurrean kokatuko du zinemagileak Laura, eta haren duda, zalantza moralak zuzenean plazaratuko ez baditu ere, interpretaziorako atea zabalik utzi du. Inkontzienteki jardun badu ere, iluntzen joango da neskaren pitzadura morala. Kontradikzio katolikoaren tranpan eroriko da protagonista pixkanaka-pixkanaka. “Prostituzioari keinu egiten dio filmak, baina ez dut gaiari buruzko tesi bat egin nahi izan, galderak planteatu baizik. Ikus-entzuleari dagokio ondorioak ateratzea”.