918 egun eman zituen giltzapean Arantza Santestebanek. Seguran atxilotu zuten txantrearra, Herri Batasunaren aurkako operazio batean. Loiolako elkarrizketetan Arnaldo Otegiren batera ikusi genuen lehenago, sozialistekin eta jeltzaleekin negoziatzen. Bake garaietarako oinarriak finkatzen.

Espetxealdia atzean utzi eta urte batzuetara sortu du 918 gau lana. Zinema esperimentala deitu dakioke, edo dokumentala beharbada. Lehen pertsonan hitz egiten du, eta bizitakoari buruzko gogoeta kritiko bat egiten du filmaren zuzendari, gidoilari eta protagonista den Arantzak. Bizipenak, gutunak, akorduak, kezkak biltzen ditu. Eta iruditeriari garrantzia haundia ematen dio. Irudiz dakar debekatutako ideia ugari. Narratiba berri batekin topatuko gara kartzelari buruzko bere kontaketan. Estetika berri baten aldarri.

Donostiako Zinemaldian aurkeztu du filma. Lisboako Docs jaialdian saria eskuratu eta gero oso kritika ona jaso du lanak; hotzago izan zaio, beharbada, inguru hurbila. Gai delikatua ikutzen du, ikuspegi berria gehitzen dio, eta Zinemaldiaren abaroan, gu ere Kursaalen atzekaldean, hondartza gainean solasean aritu gara harekin. Gogoetak, estetika, narratibak, gutunak eta ametsak izan ditu hizpide.

Jarraian duzue solasaldiaren ikus-entzunezko laburpena: