Zuzendaria: Fermin Aio

Urtea: 2022

Herrialdea: Euskal Herria

Saila: ZINEMIRA / EiTB GALA

2020. urtearen amaieran Fermin Aio egilea Oliene baserrira joan zen Kepa Junkera musikaria bisitatzera. Busturialdeko etxea izan du musikariak gotorleku 2018. urtean iktusak jota erretiroa hartu behar izan zuenetik. Gertukoek diotenaren arabera, erupzioan sartzear dagoen sumendi-indar horri eusten dio oraindik musikariak, eta hala baieztatu du Aio berak artistaren figura, lana eta sortzeko grina omentzeko sortu duen pieza dokumentalean.

Bi urtetik gorako lana eskatzen ari zaionean dago murgilduta orain: errehabilitazio latza. Gorputzaren mugikortasuna berreskuratzeko, hitz egiten ikasteko, eskuak mugitzeko, burua biratzeko, jateko, bizitzen jarraitzeko. Bide horren, hunkidura doinu horren kontakizuna da Berpiztu.

Trikitixa eta euskal musika herrikoia maila gorenera igo zituen euskal artistak 32 urteko ibilbidean. Euskal folklorea berrasmatzearekin nahikoa ez, eta mundu osoko artistak euskaraz abesten jarri zituen sortzaile autodidakta izan zen. Denok izan ditugu inoiz bere musika lagun: kotxean, parrandan, emanaldiren batean… entzuten ari ginena zer zen ez genekienean ere. Hain zuzen, doinu horien oihartzun eta unibertsaltasunagatik izan da nabaria lau urteko isiltasuna.

Artistari eskainitako omenaldi gisa uler daiteke dokumentala, baina hori baino gehiago, etorkizunari begira idatzitako kantu bat da. Esperantza, indarra; etortzeke dagoenaren aurrekaria eta etorriko direnei eskainitako ondarea.