Zuzendaria: Manuela Martelli
Urtea: 2022
Herrialdea: Chile
Saila: HORIZONTES LATINOS
Latinoamerikako historiaren inguruko hausnarketak ohiko dira Zinemaldi honetan. Perlak sailean ikusi dugu Argentina, 1985 filma eta, hizpide dugun pelikula honetan ere, urte zehatz batetan ezarriko dira gertakariak herrialdeko egoeraren marko sozio-politikoa plazaratuz. Kasu honetan Chileren errealitatea ezagutuko dugu, baina, Santiago Mitreren pelikulan ez bezala, egoera politikoaren inguruko hausnarketak ez dira lehen ordenean egongo. Itzulinguru luzea egingo dugu, nahiz eta pelikulak aurrera egin ahala artefaktu politikoaren izaera agerian utziko duen.
Carmen da protagonista erabatekoa (Carmen Küppenheim-ek matiz aberatsez hornitzen du pertsonaia konplexu hau). Santiagoko ospitaleko buru den medikuaren emaztea, ez du etxetik kanpo lan egiten eta etxea da bere mundua. Hala, oporretako etxea atontzera joateko zeregina abentura izango da beretzat, bere seme-alabak eta bilobak iritsi bitartean. Eta hortan dela, zeregin misteriotsua iritsiko zaio herriko apaizarengandik: arazoak dituen gaizkilea hutsik dagoen etxean babestea. Proposamena onartu egingo du eta bertan hasiko da pelikularen ardatza den bizitza bikoitza garatzen.
Pelikulak apurka-apurka egingo du aurrera, emakumeari dagokion bizitza publiko diskretu horren eta inorekin bateratu ezin dezakeen sekretuaren artean. Edonola, sekretua ez da sekula zama bezala planteatuko. Berez, geroz eta inplikazio handiagoa eskatuko badio ere, paradoxikoki aske sentitzearen sentsazioa gailenduko baita Carmenengan. Bere zaintza bokazioa berreskuratuko du gazte misteriotsuaren zauriak sendatzeko (“medikuntza ikasi nahi nuen baina bere garaian ez zegoen emakume batengan ondo ikusia”), eta hizketaldi geroz eta askeagoak izango ditu berarekin, bere ideia politiko ezkutuak (eta bere klaseari ez dagozkionak) adierazteraino. Hala, Pinocheten diktadurarekiko disidentzia mugimenduan geroz eta inplikatuagoa egongo da, eta erabateko kontua izango badu ere, ohartuko gara bere emakume izatasunak mozorrorik eraginkorrena eratzen duela, inork ez duela susmatuko zahartzaroaren atarian dagoen emakumeak aktibismo politikoan eragina izan dezakeenik. Hala, espioitza zinemaren kutsua duten eszenak, esanahi sekretua duten hitz klabeen topaketak tarteko, ikutu absurdo batekin jantziko dira, puntu komiko bat balute bezala. Emakume izatea, berez, ikusezin izatea baitzen (baita?) gizarte hartan.
Estilo dotorez bideratzen du narrazioa Manuela Martellik, zeru grisaren azpian mugiaraziko du Carmen, bere ibiltzeko era dotorea pelikularen irudi nagusia izateraino. Eta asko estimatzen da zuzendariak ikutu sinbolikoa daukaten detaileak plano gertukoan behatzeko hartzen duen denbora (egungo zineman era hontako planoak geroz eta urriagoak direla ematen du batzutan): arrainak, zapatak, pintura poteetako irudi kaleidoskopikoak… Carmenen figura konplexua marrazten laguntzen duten elementuak dira ezbairik gabe.