Marilyn Monroeren inguruko lana Victoria Eugenia Antzokian erakutsiko du irailaren 24an. Andrew Dominik da zuzendaria, eta Ana de Armas aktoreak interpretatuko du zinema izarra.
Azken urteotako joera jarraituz, Donostia Zinemaldiak ez ditu jaialdiak iraun bitartean ikusteko aukera egongo diren film guztien berri ematen. Egitarauan bada zulo bat, pelikula sorpresa delakoari eskainitakoa. Bada, festibal bete-betean, atzo egin zuten arduradunek publiko 70. Zinemaldiko lan ezkutua: Blonde.
Veneziako Mostran harrera beroa izan ostean iritsiko da Donostiara Andrew Dominik zinemagileak sortutako filma. Joyce Carol Oates idazlearen izen bereko eleberriaren egokitzapena da, Marilyn Monroe zinema izarra protagonista duena. Haren nortasun publikoaren eta pribatuaren arteko muga lausoa du filmak hizpide, eta interprete estatubatuarraren azalean Ana de Armas jarri da.
Irailaren 24an, larunbata, 19:00etan izango du Blonde-k lehen emankizuna, eta zinemagilea zein aktorea bertaratuko dira lana aurkeztera.
Plan B Entertainment ekoiztetxeko Dede Gardnerrek, Jeremy Kleinerrek eta Brad Pittek ekoiztu dute proiektua, eta Donostia Zinemaldiaren baitako saioak Antiguo Berri enpresa etxebizitza-sustatzaile, eraikitzaile eta lurzoru-garatzailearen babesletza du.