Zuzendaria: Pilar Palomero

Urtea: 2022

Herrialdea: Espainia

Saila: SAIL OFIZIALA

 

Berriro egin du.

Aurreko filmaren –Las Niñas (2020) – ildoari jarraituz, nerabezaroko zorotasun hauskorraren ezagutza erabatekoa erakutsi du, berriz ere, Pilar Palomero zuzendariak. Gozamenerako pelikula intimo batekin gorpuztu du itzulera; fokua ertzetan, (in)komunikazioan, sendotasunean eta gainditzean jartzen duena.

Carlak 14 urte ditu eta neskato desafiatzailea eta hezigaitza da. Herri bateko kanpoaldean bizi da, errepideko jatetxe zahar batean, bere ama ezkongabe gaztearekin. Ez da ikastetxera joaten eta egunak Efraín lagunarekin ematen ditu. Gizarte-laguntzaile bat konturatuko da bost hilabeteko haurdun dagoela eta ‘La Maternal’ ama adingabeentzako zentrora eramango dute. Han egoera berean dauden beste gazte batzuekin biziko da. Neskek, hezitzaileen babesarekin, aurre egin beharko diote helduen mundu berri horri, prestatzeko astirik izan ez duten arren.

Samurtasunez, zentzuz eta sentsibilitate handiz, La Maternal -ek agerian uzten du halako egoera batetik pasatzen denaren bakardadea, erantzun falta, beldurra; eta, aldi berean, harrotasunez, ahizpatasunaren indar geldiezinetik, egiten dio aurre hura inguratzen duen estigmari.

Protagonista-talde bikaina jarri du Palomerok dantzan horretarako; neska ausartak, basatiak, sarritan pantaila bera gaindituko duten errelato eta interpretazio-lanak eskainiko dizkigutenak. Guztien artean, bereziki nabarmen Carla Quilez protagonistaren lan harroa, distiratsua. Ze lan zaila zuen eta zein modu finean ebatzi duen.

Zoragarria ere darabilen eszenaratze urbano zein periferikoa, filmaren estetika eta protagonisten diskurtso eta erregistroa; eta baita soinu-banda osatzen duen kantuen aukeraketa aproposa (Estopa, C Tangana…), kontakizunari indarra emateaz gainera, hari eroale gisa jokatzen duena.

Eta hau dena ez diot soilik nik: iritsi daitekeenaren aurrekari onena izan ohi den txalometroak ere hitz egin du.