As_bestas-kritika-zinea

Zuzendaria: Rodrigo Sorogoyen

Urtea: 2022

Herrialdea: Espainia

Saila: PERLAK

Gauza asko egiten ditu ondo Rodrigo Sorogoyenek As Bestas filmean. Bi gizonek zaldi bat nola lurrera botatzen duten kontatzen duen hitzaurre ikusgarritik, Galiziako landa eremuko herri txiki baten marrazte eraginkorra egingo du, errealitate basati, maskulinizatu eta toxikoaren atmosfera itogarria eratzeraino. Canneseko jaialdian aurkeztua, Zinemaldiko Perlak sailean dago ezarria.

Bi gizonen arteko talka izango da kontatuko diguna: herriko baserritar bortitz eta ankerra (Luis Zaheraren lana oilo ipurdia jartzen dutenetakoa da), batetik; eta Frantziatik iritsitako gizona, herrian ortua jarri duena (Denis Menochet-en begirada melankolikoa ere izugarria da), “maila moral eta intelektual handiagokoa” (hala errepikatzen da filmean zehar), bestetik. Bien arteko eztanda horren atzera kontaketa da pelikula, eta erraz datorkigu burura Sam Peckinpah-ren Straw Dogs-en erreferentzia, antzeko patroiak erabiliko diren heinean. Tentsio jasanezin hori eratzen hainbat elementuk laguntzen dute, hala nola, Sorogoyenen kamerak bi pertsonaiak eta bakoitzari dagozkion espazioak zeharo desberdin irudikatzeko moduak, antzezleen interpretazioak eta perkusioak oinarri dituen soinu banda zoragarriak. Akaso ekidistantzia apur bat falta da, eta eskertuko litzateke on eta txarren arteko muga desitxuratuago balego, baina hastapenetik onartuko ditugu jokoaren arauak, eta ez da joera ezerosoa.

Filmak tentsio honen bitartez ideia interesgarriak utziko dizkigu, hala nola, atzerritarrek dituzten eskubideen, maskulinitateen edo injustiziaren aurka izan dezakegun jarreraren inguruan. Gainera, elkarrizketak oso ondo idatzita daude eta hizkuntza desberdinen arteko inkomunikazio egoerak (gaztelera, galegoa eta frantsesa erabiltzen dira), primeran baliatzen dira. Baina edonola, pelikularen inguruan esan daitekeen gauzarik onena da ez dela konformatzen eta azken segmentuan arriskatu egiten duela Sorogoyenek berak Isabel Peñarekin idatziriko gidoiak; elipsi baten bitartez, filmaren tonua irauli egiten da eta beste dimentsio batetan ezarriko gara, kasu hontean Marina Föis eta Marie Colomb aktoresen eskutik. Baliteke momentu batzuk errepikakor samarrak izatea, baina orokorrean emaitza borobila izatetik gertu dago.