Juliette Binochek Donostia Zinemaldiaren 70. edizioko lehen Donostia Saria jaso du bart Kursaal auditoriumean. Aktore frantziarrak Isabel Coixeten eskutik jaso zuen Zinemaldiaren ohorezko sari nagusia, eta, ekitaldiaren ostean, Claire Denisek zuzendutako Avec amour et acharnement / Both Sides of The Blade filma proiektatu dute.

Binochek senideak, lagunak, gertukoak, kolaboratzaileak eta lankideak izan ditu gogoan eskertzarako orduan. Donostiako Zinemaldiari ere eskerrak eman dizkio maite dituen zinemagileen filmak erakusteagatik. “Etxean bezala sentitzen naiz hemen, bero hori sentitzen dut eta ohorea da hemen egotea”, adierazi du, nabarmen hunkituta, aktore frantziarrak.

“Bidelagun leial bati ere eskerrak eman nahi nizkioke: isiltasunari. Isiltasuna presentzia bat da. Sekuentzia bati heldu aurretik, interpretatu aurretik, isiltasuna indarra da niretzat; isiltasunetik ateratzen ditut nik emozioak eta sentsazioak, eta inolako borondaterik gabe agertzen da. Baina isiltasunik gabe, ez dago hitzik. Isiltasunik gabe ez dago espiriturik, eta isiltasun hori zinemagile batekin, aktore batekin, film bateko lantaldearekin partekatzen denean, orduan urrezko hari bat ehuntzen da eta hori pelikula bihurtzen da. Eta orduan, aktore izateko nire ametsen zentzu guztia obra bizi batean gorpuzten da”, adierazi du.

Eneko Sagardoy euskal aktoreak bete du gidari papera ekitaldian, eta omenduarentzako miresmen hitzak izan ditu ere: “Bere ibilbidearen baitan talentu ikaragarria, pantaila gainditzen duen karisma eta ausardia erakusten duten hautuak biltzen dira”. Isabel Coixet zuzendari, aktore eta lagunaren eskutik jaso du golardoa Binochek: ““Bere ondoan lan egiten duzunean, irudien, hitzen eta enkoadraketaren gainetik pasatzen den magia bitxi batek ukituta sentitzen zara. Diotenez, bere aurpegiak argia dario, hori egia da, baina oso argi eskuzabala da, filmeko lankide guztiak blaitzen dituen argia”, nabarmendu du errealizatzaileak.

Binoche bera ere pozik azaldu zen atzo, prentsaurrean egindako agerraldian, saria adiskide baten eskutik jasotzeagatik: “Isabel Coixet nire zuzendaria izandakoa da, eta beti da atsegina zure nagusiaren aitortza jasotzea. Baina horretaz gain, nire laguna da. Pozten nau sari berezi hau berak emateak”.