Zuzendaria: Mikel Gurrea

Urtea: 2022

Herrialdea: Euskal Herria / Espainia

Saila: SAIL OFIZIALA

Egun hauetan eskainiko zituen hamaika elkarrizketa horietako batean irakurri dut Mikel Gurrea esanez zinemagile izana, hein handi batean, Donostiako Zinemaldiari zor diola, txikitatik bizi izan duen pasioa izan delako. Hau ezagututa, ezinbestean ulertu dut Suro zinemagileak jaialdiari, jaialdia egiten duen publikoari, bueltan eskainitako opari baten gisara.

Izan ere, opari bat da Suro. Eskutartean jaso eta urduri zabaltzen duzuna; zer topatuko duzun oso ondo irudikatu ez, baina deskubritzeko zirarraz heltzen duzuna. Gurreak bikote baten egonkortasuna arriskuan jartzen duten aldaketen kontakizuna eskainiko digu. Borroka egiten duen bikotea, isolatu egiten dena, lehortu, baina, kortxoa artelatzari bezala, elkarri heltzen dena.

Helenak eta Ivanek bizitza berri bat eraiki nahi dute artelatz-basoetan, baina, lurrean bizitzeko moduari buruzko ikuspuntu ezberdinak dituztenez, bikotearen etorkizuna kolokan jarriko da.

Fikziotik, hori baita zinemagilearen eremua, baina egoera errealetatik oso gertu dauden ideia eta pasarteak uztartuz; izan ere, klase gatazkak, genero rolek eta ageriko arrazakeriak zeharkatzen dute lana, hasieratik amaierara. Filmak landa eremuaren, naturaren eta baita gizakiaren aurpegi ederrena, basatiena eta zaurgarriena erakutsiko dizkigu, protagonistek pertsonala eta kolektiboaren artean egiten duten dantza etengabearen bidez.

Gurreak “suak harrapatuko zaituenaren” sentsazioarekin jokatzen du pelikula osoan zehar, eta, zalantzarik gabe, lotu egiten zaitu.

“Filmaketa oso zoriontsua izan zen. Maitasun handiz lan egiten ari ginenaren sentsazioa zen nagusi”, azaldu du zuzendariak emanaldi osteko prentsa agerraldian. Eta zinez, nabari da argia.

Oh.: Vicky Luengo, reina, zein gertu duzun maskorra!