Zuzendaria: Manuel Abramovich

Urtea: 2022

Herrialdea: Argentina, Brasil, Frantzia, Mexiko

Saila: SAIL OFIZIALA

Lalo sex influencerra da: bere gorputz biluziaren argazkiak eta etxean egindako bideo pornoak posteatzen ditu sare sozialetan dituen milaka jarraitzaileentzat. Bere bizitzaren gidari bakarra bada ere, intimitatean, pertsonaiatik kanpo, etengabeko malenkonian bizi dela dirudi.

Sinopsia irakurri orduko erakarri ninduen filmak, LATAM zigilua duten filmen intentsitatearen eta sentikortasunaren zale naizen ni. Begirada-klinikoak huts egiten didala pentsatzen hasi behar ez ote dudan…

Egiaz, ez. Oraindik, behintzat, ez. Ziur aski apurtzaileegia izatearen jokoan galtzen da, handi gelditzen zaio; izenburuak iradokitzen duenaren kontrara, porno asko baina malenkonia gutxi. Baina bere igoera, jaitsiera, errepikapen eta gehiegikeriekin, niri gustatu zait. Ulertzen dut gehiago bilatzen duela bigarrenean sakontzea lehenaz hitz egitea baino eta, tarteka errepikakorra eta esplizituegia bada ere, balioa ematen diot osasun mentalaren auzira egiten duen hurbilketa horri.

Hala ere, filma txalotzen uzten ez didaten arrazoiak ditut, filma inguratu duen polemikarekin lotura zuzena dutenak. Izan ere, Lalo Santos protagonista nagusiak salatu du grabaketaren baldintzek arriskuan jarri zituztela haren osasun mentala eta sexuala; atzera egiteko aukera balu, ez lukeela errodaje horretan parte-hartuko eta, hartara, ez dela filmaren sustapenaren parte izango.

Aipatzen duen ezinegon hori ez da filmean atzeman dezakegun ezaugarri bat (ala akaso, bere interpretazio lan onaren emaitzarekin nahastuko dugu) baina latza da filmatze prozesuan agerian, zaurgarri, deseroso edo bortxatua sentitu zela irakurtzea. Denak ez du balio; eta, noski, ez dugu onartu behar. Eta bizitzako gainerako esparruetan bezala, botere -jarrera edo -dinamika arrazistak, klasistak edo matxistak erreproduzitzen direnean, gure erantzukizuna da horiek seinalatzea.

Hemen irakurri dezakezue Lalo Santos protagonistaren salaketa-haria: