25 urte bete ditu aurten Kimuak programak. Etxepare Euskal Institutuak antolatutako eta Zineuskadik kudeatutako deialdiak euskal film laburren sustapena eta banaketa ditu helburu, eta aurten, gainera, Nafarroako Foru Komunitateko eta Euskal Hirigune Elkargoko euskarazko film laburrek ere parte hartzeko aukera izan dute. Ekaina hasieran eman zuten 2022ko uztaren berri arduradunek, eta atzo, sorkuntzak elkarren jarraian ikusteko aukera izan genuen, Donostia Zinemaldiaren 70. edizioaren baitan.

Eguraldia lagun, jende andana batu zen Principe aretoaren atarian. Euskal zinemagintzaren oraina eta etorkizuna ospatzeko gogoz, industriaren parte diren eragile, sortzaile, kazetari, eta pantailaratutako film laburren lan-taldeko kideak prest azaldu ziren bi ordu t’erdiko maratoiari aurre egiteko. Zazpi lanek osatu dute bilduma. Hiru euskara hutsean errodatutakoak izan dira, eta sei emakumezkoek zuzendu eta ekoiztu dituzte:

2021eko Aukera mentoretza programan aukeratua izan, eta ZINEBI jaialdiko pitching saioetan parte hartu ostean, argia ikusi du Ainhoa Olasok eta Enara Garciak elkarrekin zuzendutako Hemen bizi da maitasuna lanak. Ikus-entzunezko Komunikazioko (EHU) ikasle izanik garatu dute film laburra, gazte baten askatasun nahia ardatz duena. 22 urteko Katixa da protagonista, etxeko egoera jasan ezinda, alde egin nahi du, amaren kontrolpetik urrundu, bere bizitza bizi. Istorioa bezain urduria da zinemagileen planteamendu formala: kamerak etengabe jarraituko du neska, itolarria agoniko bilakatuz. Bestelako atmosfera sentikorragoa aurkeztuko digu Maider Oleagak, Irrits-en. Malagako zinema jaialdian estreinatu zuen bilbotarrak bere lan berriena, eta udalekuetako begirale diren nerabeak ditu bidaide. Galapan eta Sumendi produkzio-etxeak daude atzean, eta martxan jarritako aurreko proiektuekin gertatu bezala, sentimendu, maitasun eta kolore festa nagusi da. Hala ere, oso fisikoa da Oleagak erakutsiko diguna. Uda bete-betean, beroa ukitu egin daiteke, gorputzek freskotasuna behar dute eta urarekin batera irrist egin. Gainera, interpreteen begiradek harrapatu egingo gaituzte. 

Fikzioari heldu dio Aitzol Saratxagak Lanbroa-n. Fantasiazko film laburrak sortu izan ditu aurretik, eta orain ere, naturaz gaindiko elementuetan jarri du arretan. Ainara Mentxaka eta David Perez Sañudok idatzitako gidoia metaforaz eta balio sinboliko indartsua duten pasarte bilakatu ditu. Basoan bakartuta bizi den aita-alaba baten istorioa kontatuko du, gauero inguruak lausotuko dituen behe-lainoak are gehiago isolatuko dituena. Gizakion beldurrak irudikatu nahi izan ditu errealizadore gazte bizkaitarrak, eta generoko filmek izan ohi duten lanketa bisuala eta kode estetikoak maisutasunez lotuz, Principe aretora bertaratutakoak txunditzea lortu du.

Harrera berorena, baina, Cuerdas lanak izan du. Cannesko Jaialdiaren baitako Kritikaren 61. astean Urrezko Erraila Le Rails d’or) lortu berritan erakutsi du Estibaliz Urresolak bere bosgarren film laburra, Donostian, eta txalo-zaparrada amaiezina jaso du. Dokumentalaren eta fikzioaren arteko mugak hautsiz, mezu humanista eta argia zabalduko du Cuerdas-ek, desagertzear dagoen emakumez osatutako abesbatza baten eztabaida-moralean gu murgilduz. 90 urte dituen Rita dugu gidari, eta haren baitan askatuko du Urresolak duintasuna aldarri duen gatazkaren korapiloa.  Hausnarketa, eta erabaki-hartze kolektibo eta parte hartzailea ere dira Irati Gorostidiren Contadores filmaren bihotza. 1978an, metalaren hitzarmen berri baten negoziazioetan dago kokatuta, eta bisualki garai hartara eramango gaitu. Hil berri den Jean-Luck Godardek bere etapa militantean burututako pelikulen itxura hartuz, langile mugimenduaren borroka etsiari emango dio Gorostidik paso. Aldiz, mahai-baten bueltan elkartu du Maider Fernandez Iriartek mediku talde bat, FE lana eraikitzeko. Ama Birjina ikusi eta Lourdes bizitatzera joan ostean, sendagaitza zirudien gaixotasuna sendatu zitzaion emakume baten kasua aztertuko dute, zientziak dituen zuloak, erlijioaren balioa, eta medikuntzaren zirrikituak eztabaidatuz. Malagako Zinemaldian estreinatu da aurten, dokumental laburren sail ofizialean, eta epaimahaiaren aipamen berezia jaso du. 

Bi ordu t’erdiko maratoia, Lur Olaizola donostiarraren hirugarren film luzeak agurtu du. Filmatzeke dagoen istorio baten gidoi-irakurketa aurkeztu digu, Ana Torrent aktore espainiarra eta errealizadorea bera aurrez aurre jarriz. ETA erakundea utzi ostean, Mexikora alde egin eta bizimoduz aldatzeko saiakeran, Maria Dolores Gonzalez Katarain Yoyesek idatzitako egunerokoaren pasarteak entzungo ditugu Hirugarren Koadernoa ez-fikziozko lanean, Euskal Herriko historia garaikidearen aro ilunari begirada berri bat esleituz.