Zuzendaria: Ander Iriarte

Urtea: 2022

Herrialdea: Euskal Herria

Saila: ZINEMIRA

Hasi zaizkit pilatzen Zinemaldian ikusitako lanak, eta zurrunbilo honetan zaila da film bakoitzak eragiten dizun “zera hori” identifikatzea. Karpeta Urdinak dokumentalarekin, ordea, argi izan dut: historia aski ezaguna dugun arren, txikitzailea da. Kontatu beharrekoa.

HEMEN (Intxaurrondon, Antiguan, La Salven…) TORTURATU DA. Hau ere errelatoaren parte da, eta hori ukatzea edo ezkutatzea nazkagarria da. Sufrimendu asko daude, batzuk egoki artatu direnak eta beste batzuk, oraindik, aitortza edo testuingururik gabekoak. Hain zuzen, alde batera utzitako historiaren zati horren horren bilaketa, lanketa eta aurkezpena eskaintzen ditu Ander Iriarteren proposamenak.

Anderrek, beste askok bezala, aitak (Joxe Iriarte ‘Bikila’-k) komisarian jasan zuena tortura izan zela susmatzen du. Bere ustea argitu nahian, Eusko Jaurlaritzak Bake eta Bizikidetza Plan deitutako horren baitan egindako Proyecto de investigación de la tortura y malos tratos en el País Vasco entre 1960-2014 ezagutuko du. Ikerketa honek argitaratzen dituen emaitzekin ikaratuta, proiektuan parte hartu zuten mediku, psiokologo, psikiatra eta abokatuekin elkartuko da. Haiekin izandako solasaldien bidez, tortura psikologikoa, Istanbulgo Protokoloa edo hurbilketa estatistikoa bezalako kontzeptuetan sakontzen joango da, torturaren errealitatea hurbila (baina aldi berean arrotza) ezagutaraziz.

Arestian aipatu dudan bezala, pieza gordina eta txikitzailea da Iriarterena. Ikusgarria eta ikusi beharrekoa. Bizipen pertsonalen bidez, baina, batez ere, datu zientifiko eta profesionalen azalpenen bidez torturaren dimentsioaren testigantza zorrotza eskaintzen duena.

Ander Iriartek tresna ezinbestekoa sortu du hainbestetan hitz bidez azaltzen konplexua den hori komunikatzeko, isiltasuna apurtu eta beste aldera begiratu duten guzti horiek musuak gorritzeko. Gurea, publikoarena, gizartearena, da orain hura zabaltzeko ardura.

IKUSI, HAUSNARTU, EZTABAIDATU ETA ZABALDU.